Euskal kulturaren transmisioaren apalaldia berbideratzeko urratsak

Ainara Gorostizu (HIK HASI), Nagore Alkorta (Azpeitiko Alkatea), Olatz Osa (Elkar), Ainhoa Latatu eta Kepa Sarasola (UEU) jardunaldiaren aurkezpenean./UEU
Ainara Gorostizu (HIK HASI), Nagore Alkorta (Azpeitiko Alkatea), Olatz Osa (Elkar), Ainhoa Latatu eta Kepa Sarasola (UEU) jardunaldiaren aurkezpenean. / UEU

Kezka partekatzen duten hainbat eragilek gaiaren inguruko gogoeta abiaraziko dute hilaren 19an Azpeitian egingo den 'Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi' jardunaldiarekin

M. IMAZ

Euskal kultura, sorkuntzari eta ekoizpenari dagokionez, ez dago momenturik txarrenean. Sortzaileek eta ekoizleek aurrera egiteko ezinbestekoa duten hedapena, ordea, herrenka dabil gakotzat jo daitekeen alor batean: transmisioan. Adibide bat jartzeko, unibertsitatez kanpoko ibilibide akademino osoa D ereduan egin duten gazte euskaldunek, unibertsitateara iristen direnean, ezer gutxi dakite euskal kulturaz. «Ia denak musikazaleak badira ere, gutxik ezagutzen dituzte euskal musikariak, gutxik entzuten dituzte, nahiz eta badituzten horretarako plataforma eta baliabide egokiak», adierazi du Iratxe Retolaza EHUko irakasle, ikertzaile eta UEUko Literatura sailburuak hilaren 19an Azpeitian egingo den 'Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi' jardunaldien aurkezpenean.

Izan ere, transmisioaren apalaldi modukoak ertz asko baditu ere, hezkuntza arautuaren ingurukoei helduko diete lehenik gaiak eragiten dien kezkak akuilatuta auziaren inguruko gogoeta abiarazi dutenek. Jardunaldia, zehazki, JALGIk, ELKAR Fundazioak, Ikaselkarrek, HIK HASIk, Azpeitiko Udalak eta UEUk antolatu dute elkarlanean, «ziklo baten hasiera izateko asmoarekin». Ez dute zehaztu noiz egingo diren hurrengo saioak, baina azaldu dute oker handirik ez bada ekimenak segida izango duena, eta hitzordu batetik bestera ez dela denbora gehiegi igaroko. Aurrenekorako izena emateko epea zabalik dago (egitaraua eta matrikula egiteko aukera, hemen).

Jardunaldiaren aurkezpenean Olatz Osak, ELKAR argitaletxeko zuzendariak; Iratxe Retolazak, UEUko Literatura sailburuak; Ainara Gorostitzuk, HIK HASIko ordezkariak; Nagore Alkortak, Azpeitiko alkateak eta Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak parte hartu dute.

Aurrena, hezkuntza

Jardunaldi zikloa izateko asmoa duen topagune honetan egungo kultur bitartekaritza izan nahi dute hizpide, betiere euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzea eta sendotzea helburu izanik. Norabide horretan, jardunaldiz jardunaldi, kultur bitartekaritzaren hainbat eremutara hurbiltzeko asmoa erakutsi dute antolatzaileek, «bitartekaritzan esku-hartzen duten eragileen egoera ikusgarri egiteko, baina, batez ere, eragile horiekin batera esparruz esparru kultur bitartekaritzaren erronkak zehazteko (hezkuntza arautua, hezitzaileen formazioa, aisialdia, ekoizpena eta argitalpengintza, komunikabideak, kultur erakundeak, eta abar)».

Esan bezala, lehen jardunaldi hauetan hezkuntza arautuan jarriko dute arreta, «eskola-bitartekaritzaren egoeraz gogoeta egin eta eta kulturaren irakaskuntzaren erronkak xehatzeko asmoz».

«Euskal kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatuta hezkuntza arautuan» iratxe retolaza

Iratxe Retolaza irakasle, ikertzaile eta UEUko Literatura sailburuak lantzeko lehendabiziko gai bezala hezkuntza arautua zergatik aukeratu duten azaldu du: «Ipar Euskal Herrian hezkuntza-dekretuetan ez da euskal kulturaren inguruko aipamenik, jakina denez; baina izan badira eskoletan kultur transmisiorako oso ekimen berritzaileak. Nafarroan euskal kultura zehar-lerro ez bada ere, kulturak badu leku garrantzitsua dekretuan; eta euskaraz ikasten dutenen kasuan, baita literaturak ere. EAEko dekretuak, aldiz, euskal kultura zehar-lerro izan behar duela dio, baina ez zaio horri inolako jarraipenik egin; eta zehar-lerro hori egituratzeko eta garatzeko baliabiderik ez da jarri. Ondorioz, leku gehienetan irakasleen borondatearen araberakoa izan ohi da kultur trebakuntza hori». Retolazaren esanetan, Euskal kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatuta hezkuntza arautuan, ez eta hezkuntza ez arautuan edo familian ere«. Egoera horren larritasunaz jabetuta, hausnarketa bertatik abiatzea hobetsi dutela adierazi du Retolazak.

«Kulturgintza ekosistema bat da, eta ekosistemako eragileek guztiek batera jardun behar dugu» olatz osa

Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendariak egungo testuinguru aldakorrean, beraien jarduna hezkuntza eta kulturan ardazten duten hainbat eragileek euskal kultur sorkuntzaren zabalkundean eta transmisioan dagoen egiturazko hutsunea arduraz bizi dutela azaldu du: «Horren gaineko gogoeta egiteko eta aterabideak proposatzeko elkartu gara Hik Hasi, Jalgi, Elkar fundazioa, Ikaselkar, UEU eta Azpeitiako Udala. Gaur hemen bildu garen eragileona ez ezik, beste eragile eta norbanako askoren kezka ere bada oraingoan batu gaituen gaia. Kulturgintza ekosistema bat da, sortzaileek, antolatzaileek, komunikabideek, hezitzaileek eta zaleek osatzen duguna. Ekosistemako eragileek guztiek batera jardun behar dugu. Elkarlanik gabe, ez kulturgintzak, ez euskalgintzak ez herrigintzak ez dute etorkizunik. Aterabideak elkar hartu eta artikulatzetik soilik etorriko dira ulertzen dugunez, elkarlanerako ateak zabalik daude».

Nagore Alkortak, Azpeitiko alkateak azken urte hauetan bere Udalak bi erronka sendori heldu diola azpimarratu du: «Alde batetik, herrian dugun kultur mugimendu indartsuarekin elkarlanean, kulturaren sormena eta transmisioaren lanketaren aldeko konpromisoa dugu. Beste aldetik, berriz, herria unibertsitatearekin lotzeko bideak urratu ditugu, eta aitortza bezala bizi dugu jardunaldi hau Azpeitian egitea. Ziur jardunaldi hau lagungarri zaigula etorkizunerako lanketetarako giltza edo pistaren bat jasotzeko».

Temas

Zabalik