Euskal kulturak elkarbizitzari egindako ekarpena aztertuko du Bernardo Atxaga Katedrak New Yorken

Bernardo Atxaga idazlea/Igor Aizpuru
Bernardo Atxaga idazlea / Igor Aizpuru

Euskal kultura eta literatura lanek bakegintzari eta elkarbizitzari prozesu berritzaileen bidez eginiko ekarpena aztertuko dute graduondoko eta doktoretza ikasleek 'Bullets and Letters: Post-ETA Euskadi and the Arts' mintegian

DVDonostia

City University of New York (CUNY) unibertsitateko Bernardo Atxaga Katedraren urteroko programa akademikoa datorren astean zehar burutuko da, astelehenetik ostiralera, urriaren 7tik 11ra. Euskal kultura eta literatura lanek bakegintzari eta elkarbizitzari prozesu berritzaileen bidez eginiko ekarpenean jarriko du arreta aurten, eta Annabel Martín Dartmouth College-ko irakasle eta Espainiako kultura garaikidean adituak emango du.

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, 'Bullets and Letters: Post-ETA Euskadi and the Arts' (Balak eta Letrak: ETA ondorengo Euskadi eta Arteak) izenburuko graduondoko eta doktoretza ikasleentzako mintegian, diskurtso nazionalisten baitan nagusitzen diren ideia paradigmak eta generoaren ikuspegitik begiratuta nortasunaren eta indarkeriaren arteko harremana aztertuko dira. Horrekin batera, literaturak, zineak, pinturak edota eskulturak bakegintzan eta adiskidetzean izan dezaketen eragina landuko da.

Ikuspuntu horretatik, mintegian erabiliko diren materialen artean daude ETAko kide izandako batzuen eta ETAren biktima batzuen dokumentu, elkarrizketa eta idazkiak. Bernardo Atxaga, Luisa Etxenike eta Ramon Saizarbitoriaren testuak, Julio Medem, Eterio Ortega Santillana, Asier eta Amaia Merino eta Helena Tabernaren filmak, eta Vicente Ameztoy eta Agustin Ibarrolaren artelanak ere aurkituko dituzte ikasleek. Gainera, Luisa Etxenike eta Bernardo Atxaga idazleek, Helena Taberna zinemagileak eta Esther Pascual bitartekariak mintegian hartuko dute parte, Etxenikek presentzialki eta gainerakoek bideokonferentzia bidez.

Amaitzeko, Annabel Martín irakasleak hitzaldi ireki bat emango du urriaren 11n: «Palabras con piel, oídos que hablan: La búsqueda del Otro en los procesos de justicia restaurativa» (Hitzak azalarekin, hitz egiten duten belarriak: Bestearen bilaketa justizia errestauratiboko prozesuetan).

Etxepare Euskal Institutuak CUNYn abian jarritako Bernardo Atxaga Katedraren xede nagusia da euskal literaturaren eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea. Asteasuko idazleak berak eman zion hasiera 2011ko irailean, CUNYko Graduate Center-en. Euskal kulturari buruzko doktoretzako programa akademikoa eskaintzen du, eta ikasturte bakoitzean New Yorkera eramaten ditu irakasle gonbidatuak.

Temas

Euskera