Euskal Editoreen Elkarteak «atzerapen eta galera handiak» aurreikusten ditu
Sarako Biltzarra, Liburu Eguna, maiatza-ekaineko Iruñeko eta Bilboko liburu-azokak... Bertan behera geratu da dena «pandemiaren eraginez hartutako neurri sanitarioak direla medio»
Durangoko Azokara begirako sasoi nagusiaren senide txikia bada ere, euskal edizioarentzat garrantzi handia du udaberrikoak. Sarako Biltzarra, Liburu Eguna, maiatza-ekaineko Iruñeko eta Bilboko liburu-azokak... Horien guztien inguruan hasiak ziren liburuen aurkezpenak eta idazleen, kazetarien eta irakurleen arteko topaketak. Hurrengo ikasturterako ikasmaterial eta testu liburuen ekoizpena eta promozioa ere abian zen.
Bertan behera geratu da dena «pandemiaren eraginez hartutako neurri sanitarioak direla medio». Horrenbestez, «gainerako sektoreak bezala, liburugintzaren kate balore osoa kaltetua aterako da», azaldu du ohar baten bitartez Euskal Editoreen Elkarteak.
«Kate guztia nola geldituko den eta nola aurrera egin daitekeen aztertu beharra dago, udaberrian argitaratu asmo ziren liburuetatik hasita», esan dute. Azterketa sakona egiteke badago ere, «atzerapen eta galera handiak, bai literatura eta kultura-mailan, bai hezkuntza maila sozio-ekonomikoan» aurreikusten dituzte.
Euskal Editoreen Elkartean biltzen diren argitaletxeek jakinarazi dute lanean ari direla, «urratsak koordinatuz eta jardunbideak adostuz, etxe-barneko egoera aztertuz eta berrantolatzen saiatuz» eta «Administrazioei eskatuz behar diren irtenbide, neurri eta laguntzak lehenbailehen indarrean ezar ditzaten».
Diote euskararen eta euskal kulturaren aldeko lana «herri honen garapenerako beharrezkoa, saihetsezina eta aldi berean hauskorra» dela. Horregatik, « aurrera begira beharrezkoa izango da berriro ere Euskal Instituzioen eta Euskal Editoreen Elkartearen arteko lankidetza, elkarri esku emanez egoerari irtenbide bat bilatzea».