Euskal artistei babesa emateko beka deialdiak zabaldu ditu Etxeparek

Irene Larraza, Etxepare Institutuko zuzendaria/Jose Usoz
Irene Larraza, Etxepare Institutuko zuzendaria / Jose Usoz

Ekainaren 10a bitarte egin daitezke euskal sortzaileen mugikortasuna sustatzeko diru-laguntzetarako eskakizunak, baita euskal kultura nazioartean sustatu eta zabaltzeko jarduerak burutzekoak eta literatura itzulpenak egitekoak ere

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Etxepare Euskal Institutuaren hiru diru-laguntza deialdietara eskaerak egiteko epea zabaldu dute: euskal sortzaileen mugikortasuna sustatzeko diru-laguntzak, euskal kultura nazioartean sustatu eta zabaltzeko jarduerak burutzekoak eta literatura itzulpenak egitekoak.

Diru-laguntzen xedea euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzea da. Euskal sortzaileen mugikortasuna sustatzeko diru-laguntzak jaialdi edo kultur jarduera konkretuetan (birak, denboraldiak, erakusketak, lehiaketak, ekitaldiak, egonaldi proiektuak) parte hartzeko bidaiagastuak, muntaia-gastuak, eszenografia edo materialen garraioa, ostatua eta dietak ordaintzeko izango dira. Diziplina artistikoaren arabera, lau prozeduratan banatu dira, eta guztira 360.000 euroko zuzkidura dute: antzerkia 130.000 euro, musika 125.000 euro, dantza 45.000 eta arte plastikoak eta ikusizkoak 60.000 euro, azken bi hauetan azken urtean baino 5.000 euro gehiago hurrenez hurren.

Diru-laguntzak eskatzeko epea ekainaren 10era arte egongo da irekita. Ekainaren 10ean bertan itxiko da euskal kultura nazioartean sustatu eta zabaltzeko jarduerak burutzeko diru-laguntza deialdian izena emateko epea ere. Beste deialdi honen helburua da profesionalak ez diren nazioarteko kultur jarduerak sustatzea, institutuaren ohiko deialdien babesean diru-laguntzarik jaso ezin dutenak. 30.000 euro bideratu dira horretarako.

15 itzulpen azken urtean

2018ko diru-laguntzei esker 15 itzulpen egin ostean, aurten beste 39.000 eurorekin sustatuko dira literatura-itzulpenak. Kopuru honen bidez bi itzulpen jarduera lagunduko dira: jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lanak edozein hizkuntzatara itzultzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura lanak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzea. Epea ekainaren 10ean amaituko da kasu honetan ere.

Beste bi diru-laguntza deialdi ere zabalik dira. Alde batetik, zinema eta literatura arloko sortzaile eta eragileentzako (idazleak, ilustratzaileak, itzultzaileak, editoreak, zuzendariak, aktoreak, gidoigileak, ekoizleak, etab.) bidaia poltsen deialdia, nazioartean hitzaldi, topaketa edo ekitaldietan parte hartu ahal izateko bidaia-gastuak, ostatua eta dietak ordaintzea helburu duena (20.000 euro). Bestetik, 36.000 euroko zuzkidura duen nazioarteko arte azoketan parte hartzeko diru-laguntzak. Zehazki, arte azoka hauetan stand-ak alokatzeko baliatuko da laguntza hau.

Azkenik, ekainean zehar argitaratuko dira ikus-entzunezkoen, arte eszenikoen, liburuen eta musikaren alorreko nazioarteko azoketan parte hartzeko diru-laguntzak.

Diru-laguntza hauek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan errolda edo egoitza soziala duten pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dituzte. Gainera, zabaldu nahi den lanaren komunikazio-hitza euskara denean, sozietate-egoitza edo helbidea euskararen eremu geografikoan kokatuta duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira, hau da, egoitza Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian dutenak ere bai.

Temas

Euskera