'Erritu' kolektiboa Chillida Lekun, ekainaren 21ean

'Erritu' kolektiboa Chillida Lekun, ekainaren 21ean
Floren Portu

Udako solstizioarekin batera, Hernaniko museoan izango da ikusgai Max Arte Eszenikoetako sarietan gailendutako ikuskizuna. «Bizi-bidaia bat da, bizitzako etapak zeharkatzen baititu jaiotzatik heriotzara»

DVDonostia

Orain arte Kukai dantza taldearen 'Erritu' ikuskizuna ikusteko aukerarik izan ez dutenek apuntatu beharreko ohar bat: datorren hilaren 21ean, udako solstizioarekin batera, Chillida Lekun egingo dute. Programa zabala prestatu dute egun horretarako, eta eskultura eta zuhaitz artean, dantza taldeak beteko du ilunabarreko tartea.

Erritu bat irudikatuko dute koreografiarekin, antolakuntzak azaldu duenez, «indibidualismotik kolektibora» doan existentziari omen eginez. Dantza taldearentzat, halaber, 'Erritu' «bizi-bidaia bat da, bizitzako etapak zeharkatzen baititu pasabideko erritu bakarkako eta kolektiboen bidez, naturarekin eta komunitatearekin loturik. Etapa horiek jaiotzatik kaoseraino doaz, bakardadearen mortuan barrena, harik eta topaketara, maitasunera eta, azkenik, heriotzara iritsi arte. Errituak zubi modukoak dira gure izate banakoaren eta esperientzia kolektibo erritualizatuaren arteko loturen zentzua aurkitzeko«.

Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Nerea Vesga eta Urko Mitxelena dira dantzariak. Ikuskizunaren jatorrizko ideia Jon Maya Seinena da, taldeko zuzendariarena, bestalde, eta koreografia, Sharon Fridman-ena.

Besteak beste, aurtengo Max Arte Eszenikoetako Espainiako sarietan irabazitakoa da Kukai, hian zuzen, 'Erritu' ikuskizunagatik. Sharon Fridmanek koreografiarik onenaren saria irabazi zuen.

Ekainaren 21eko saioa 21:30ean hasiko da, eta museoa 20:30ean zabalduko dute jendeak bere lekua har dezan. Museoaren webgunean daude eskuragarri sarrerak, hala nola museoaren leihatilan, eta Hernaniko turismo bulegoan. Galarretako frontoian kotxeak uztera animatu dute jendea, autobusak eskuragarri izango dira eta bertatik museora joateko.

Temas

Euskera