'Errima ehiztariak' eta 'Izaron hautsak', nagusi
Orotara 50 bertsolari inguru aritu dira kantuan 2023ko edizioan
I. Mendia
Ostirala, 1 abendua 2023, 12:51
'Errima ehiztariak' eta 'Izaron hautsak' taldeak nagusitu dira, hurrenez hurren, Bertsolari Gazteen XXXI. BBK Sariketaren A eta B multzoetako finaletan. Bestalde, kantaera onenaren saria Garazi Navarrok eskuratu du. Igor Menika Bengoetxea ibili da aurkezle lanetan eta epaimahaia Ainhoa Arregik, Juanjo Respaldizak eta Mirari Azulak osatu dute. Idazkari beharretan, ostera, Jone Larrinaga Dañobeitia aritu da.
Orotara, finalean 12 bertsolari gazte aritu ziren kantuan. A mailan gailendu ziren 'Errima ehiztariak' taldeko Haizea Telleria, Enara Gallastegi eta Naroa Jaio eta finalean ere izan ziren 'Sagutxo kaskarinak' taldeko Amaia Gallastegi, Maddi Aurtenetxe eta Naroa Iturrioz gazte bertsolariak; bestetik B mailan nagusitu ziren 'Izaron hautsak' taldeko Izaro Bilbao, Janire Arrizabalaga eta Jokin Arriola eta finalera sailkatu zen 'Pello Joxepak' taldeko Araitz Katarain, Ixone Asategi eta Irune Basagoiti.
30 urteren ostean, aldaketak izan ditu sariketak, eta besteak beste, taldeak ez dira eskualdeka osatu.
Orotara 50 bertsolari inguru aritu dira kantuan 2023ko edizioan, lehen aldiz bertsolarien harreman naturalen arabera sortutako taldeekin. Izan ere, aurrez Bizkaiko eskualdeetan oinarritzen zen osaketa. Saio guztiak eskola ordutegian egin dira, eta, beraz, ikusleak ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izan dira
Sari banaketa ekitaldian Koldo Bilbao BBK-ko ordezkariak, Josune Bañales Ikastolen Elkarteko ordezkariak eta Ainhoa Markinez Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak hartu dute parte.