Erika Elizari hernaniarrari eman diote 21. Igartza Saria

Erika Elizarik telebistarako egin izan du lan/Elkar
Erika Elizarik telebistarako egin izan du lan / Elkar

'Zendabalitz' izenburuko eleberri-proiektua aurkeztu du eta aurpegi guztiz berria da literatur panoraman

FELIX IBARGUTXI

Erika Elizarik (Hernani, 1988)irabazi du aurtengo Igartza literatur saria. Aurkeztutako hamabi proiektuen artean, 'Zendabalitz' izenekoa hautatzea erabaki du Miren Amurizak –aurreko irabazleak–, Garazi Kamiok eta Igor Estankonak osaturiko epaimahaiak. Eleberri tankerako idazlana izango da eta, ondo bidean, hemendik urte eta erdira publikatuko da.

Hogeita batgarren edizioa da Igartza sariarena. Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak sustatutakoa da. Aurtengo irabazlea, Erika Elizari, aurpegi guztiz berria da literatur panoraman. Ikus-entzunezko komunikazioko ikasketak egin zituen, erredaktore lana egin du telebistako zenbait saiotan, 30 urte ditu eta ama izan da duela bi hilabete. «Idatzi izan dut, baina oso era intimoan, gehiegi partekatu gabe», adierazi du.

'Zendabalitz' egitasmoan, istorioaren kokalekua hegazkin bat izango da. Ehun bidaiari daude bertan, aireportuan geldirik eta abioitik irten ezinik. Hegazkina aireratze-pistatik metro eskaera pausatu da, arazo tekniko txiki bat antzeman diotelako. «Ezusteko horrek zazpi bidaiarengan turbulentziak sortuko ditu eta kezkatzen hasiko dira, bai iraganeko kontu batzuengatik bai etorkizunari lotutako arazo batzuk direla eta», esan du Elizarik. Pilotua bera ere ez dago lasai, aita izan berri da eta semea hiltzeko tentazioa sentitu izan du», esan du idazleak.

Beraz, iragana eta etorkizuna izango dira pertsonaien gogoetagaiak. Hortik eleberriaren izenburua: 'Zendabalitz'.

Egiturari dagokionez, zazpi lagun horien barne-bakarrizketez baliatuko da Elizari. Kapitulu bakoitza pertsonaia bati egokituko zaio, baina, aldi berean, pertsonaia bakoitza atal bat baino gehiagoren protagonista izango da.

«Presioa, ilusioa, motibazioa sentitzen dut», adierazi du sarituak. Sei mila euroko saria du Igartzak, eta idazleak urtebeteko epean entregatu beharko du idazlana. Xabier Mendiguren Elkar etxeko editoreak gogorarazi du orain arteko saritu guzti-guztiek burutu izan dutela egitasmoa.

Beasaingo Udalaren izenean, Aitor Aldasoro alkateak esan du sariketa «osasuntsu» dagoela, eta CAF enpresaren ordezkari Joxe Begiristain «harro» dago.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos