Entzun, ekin eta jarrai

Miren Azkarate hizlari, Dorleta Alberdi (aurkezlea) eta Urkia, Salaberri eta Gz. de Viñaspre euskaltzainak./ARGAZKIAK: MORQUECHO
Miren Azkarate hizlari, Dorleta Alberdi (aurkezlea) eta Urkia, Salaberri eta Gz. de Viñaspre euskaltzainak. / ARGAZKIAK: MORQUECHO

Euskaltzaindiaren 17. biltzarra hasi zen atzo eta «gizartea entzuteko» izango dela azpimarratu dute | «Egungo errealitateak markatzen dituen premia eta beharrak aintzat hartzea» da Akademiaren egitekoa, Andres Urrutiak adierazi duenez

FELIX IBARGUTXIARANTZAZU.

Hasia da Euskaltzaindiaren nazioarteko 17. biltzarra. Hainbat arlotako profesionalak bildu ziren atzo Arantzazuko Gandiaga Topagunera 'Arantzazutik mundu zabalera (1968-2018)' leloaren pean egin behar den bilkurara. Hiru eguneko biltzarra izango da eta berrehun lagun azalduko dira jardunaldietara, hitzaldiak 50 bat lagunek egingo dutelarik.

Euskara batua izango da bilkurako gogoetagai nagusietako bat. «Begiratuko dugu atzera, ikusteko euskara batuak 50 urte honetan egin duen bidea, baina batez ere etorri gara entzutera, euskaraz eta euskararen inguruan lanean diharduten profesionalei entzutera. Adi egon nahi dugu», esan zuen Andres Urrutiak sarrera hitzaldian.

Euskararen batasuna bultzatzeko ezinbesteko ikusten dituen «ardatz estrategikoak» zehaztu zituen Urrutiak. Hasteko eta behin, lurraldetasuna arreta bereziz lantzea, euskararen lurralde bakoitzeko eragileekin elkarlanean arituz, hitzarmenak lortuz eta Euskaltzaindiaren presentzia areagotuz. «Iparraldea estrategikoa da guretzat», zehaztu zuen. Beste bost ardatz aipatu zituen gero. Hurrenez hurren, euskararen inguruan dauden premiei erantzutea; Akademiaren erreferentzialtasuna bermatzea, erabiltzaileak erakarriz edota irakasle, hizkuntza teknikari nahiz gainerako bitartekari linguistikoekin lan eginez; erakundearen ikusgarritasuna areagotzea, komunikabideen biz eta; berme zientifikoak eskaintzea; eta, azkenik, Euskaltzaindiaren osaerari eta araugintzari buruzko gogoeta sakona hastea, mendeurrenaren karietara.

Zalbide: «Plangintza aldetik bereziki zuzen ibili zen Eleizalde, eta ez zaio aitortu»

Miren Azkarate: «Behetik gora egiten asmatzen ez bada, alferrik etorri gara»

Atxagaren ikuskizuna, gero herririk herri ibiliko dena

Bernardo Atxagak bere ikuskizun berria estreinatu zuen atzo, Euskaltzaindiaren biltzarraren lehen egunari amaiera artistikoa eman ziolarik. 'Hitzaldia euskal literatura zaharrari buruz Martuteneko kartzelan' izenburua duen irakurketa antzeztua da. Atxagak narratzailearena egiten du eta Jose Cruz Gurrutxagak irakurri eta antzeztu egiten du. Axular, Etxeberri Sarakoa eta Orixeren testu labur entzuten dira, adibidez.

«Orain dela 34 urte, euskal literatura klasikoari buruzko hitzaldia egin nuen Martuteneko kartzelan. Hori da oraingo ikuskizun honen ernamuina. Zuzendariak esan zidan giro berezia egongo zela, gizonak eta emakumeak batera egongo zirelako aretoan. Giro hori ere islatzen dugu oraingoan», esan du Atxagak.

García Lorcaren La barraca antzerki-talde ibiltaria gogoan hartuta ekin omen dio Asteasuko idazleak. «Nik ahozkoari eta zuzenekoari fede handia diot. Etorkizuna hortik joango da neurri handi batean».

«Gurea filma da», nabarmendu zuen Urrutiak, «tai gabe mugitzen dena», eta horri segida ematea «egungo errealitateak markatzen dituen premia eta beharrak aintzat hartzea» da. Gaurko erronka, duela 50 urtekoa ez bezala, «ez baita soil-soilean euskara batua / euskalkiak bikotea, ezpada hizkera arrunta / hizkera bereziak bitasuna».

Mikel Zalbide euskaltzainak izenburu honen pean egin zuen hitzaldia: 'Euskaltzaindiaren sorrera eta euskara batuaren egitasmoa perspektiba soziohistorikorik'. Akademiak badu euskararen historia soziala aztertzeko proiektu zabal bat, 'Joanes Etxeberri' deritzona, eta horko buru egiten du euskaltzain honek.

«Lehenengo Mundu Gerra bukatu berria zen Euskaltzaindia sortu zenean -esan zuen Zalbidek-. 1880tik aurrera inmigrazio handia gertatua zen, batez ere Bilbo eta bere gerri bueltan. 1918. urte inguru hartan, erlijioaren pisua handia zen Euskal Herrian, Estatuko beste aldeetan baino handiagoa. Euskaldun elebakarrak galtzen ari ziren eta euskaldun jende asko zegoen gaztelaniaren interferentziak zituena; dozena erdi doktore tesi egin litezke 'Euskaltzale' eta 'Ibaizabal' aldizkarietako testuekin. Jende arlote, pobre, ikasketa apaleko kolektibotzat hartzen zen orduan euskaldun jendea».

1918ko irailean egin zen Oñatin Eusko Ikaskuntzaren kongresua, bertan Euskaltzaindia sortzea erabaki zutelarik. Lehenbiziko lau euskaltzainak Resurreccion Mª Azkue, Arturo Campion, Julio Urkixo eta Luis Eleizalde izan ziren.

«Eta badakigu 1920-21ean agertzen dela euskara batuaren kezka -jarraitu zuen Zalbidek-. Hala ere, zehatz ez dakigu noiz izan zen gai horri buruzko lehen aipamena. 'Euskara biziko bada, zerbait egin beharra dago, bere hartan utzita galbide bizian doa' da 1920. hamarkada hasieran agertzen zaigun pentsamoldea».

1918an bertan, Luis Eleizaldek -lehen lau euskaltzainetako batek- 'Metodología para la restauración del euzkera' izeneko lana plazaratu zuen. «Han esaten zuenez, hiru arlotan egin behar zen batasuna: ortografia, fonetika eta euskalkiak. Bereziki zuzen ibili zen Eleizalde, eta ez zaio aitortu», jarraitu zuen Zalbidek.

Jakina denez, Euskaltzaindiak, hasieratik, bi sail handi ditu: Iker eta Jagon. «Bata corpusaz arduratzen da, bestea hizkuntzaren estatus sozialaz. Luis Eleizaldek bi arlook hartu zituen aintzat 1918ko bere 'Metodología para la restauración del euzkera' horretan, baina ez zen berak asmatutako gauza, baizik eta Sabino Aranak 1901an idatzia. Heinz Klossek baino 50 urte lehenago plazaratu zuen eleizaldek ikuspegi soziolinguistiko hori. Gu ere ez gara euli kaka».

Euskaltzain honek atzo esandako beste kontu deigarri bat: «H letra zela eta liskarrak egon ziren, eta harritzekoa da aditzaren batasuna zein lasai erabaki zen». Beste hainbeste azpimarratu zuen hurrengo hizlariak, Miren Azkarate euskaltzainak, eta honen iritziz batez ere Patxi Altunari egotzi behar zaio meritua. Hain zuzen Miren Azkarate izan zen Euskaltzaindiko lehenbiziko emakume euskaltzain osoa, izendapena 1992an egin zelarik.

Aurrera begirako gogoeta batzuk partekatu zituen Azkaratek. «Hemendik aurrera zer?» galderari erantzuten saiatu zen: «arau gehiago eman behar ditugu, ala aholkuak emateari heldu behar zaio?». Haren ustez «beharrezkoena», euskara batuaren, euskalkien eta tokian tokikoen plangintza egitea izango da, «eta hor ez dago muga iragangaitzik». Adibideak jarrita, tokian tokiko aldizkarietan nola idatzi behar ote den jarri zuen mahai gainean, «Koldo Zuazok dioen gisan, tokiko batuak behar ditugu?». Bestalde, euskara batuaren gaineko jarrerak ere kontuan hartzekoak direla nabarmendu, eta ezinbesteko jo du ahozkoa lantzea. Besteak beste, erregistro informaletan erdarara jotzen delako, eta ikus-entzunezko medioetan, ETBn adibidez, «gazteei erakargarriago egiteko-edo, tokian tokiko hizkerei bultzada garbia ematen zaielako». Gainera, «gaurko gazteen erdiak erdal elebidunak dira, ikasi dutena ortopediko eta hotza ikusten dute, eta euskalkiaren beharra sentitzen dute». Funtsean bide-orria denen artean erabaki behar dela eta plangintza «behetik gora egiten asmatzen ez bada, alferrik etorri garela» azpimarratu zuen Azkaratek.

Miriam Urkia euskaltzainak hiztegigintzaz jardun zuen. Esan zuenez, hiztegi ortografikoaren aro hori gaindituta dago, seguru asko normalizazioaren seinale», eta gomendatu zuen 'Euskaltzaindiaren hiztegia'n bilaketa aurreratuak egitea, besterik ez bada morboarengatik.

Gaineratu zuen inoiz gertatu dela «Akademiak hitz bat hobetsi eta gizarteak kasurik egitea, hori gertatu zitzaigun 'amankomunean' terminoarekin, Euskaltzaindiak 'komunean' proposatu zuen, baina azkenean bi terminoak hobetsi ditu.

'Euskaltzaindiaren hiztegia'-k, egun, 45.559 forma eskaintzen ditu guztira, «eta adibide guztiak erabilera errealekoak dira, Euskaltzaindiak ez du adibide bat bera asmatu».

Euskaltzaindiak sortutako lehen hiztegitxoen zerrenda ere eskaini zuen Urkiak: Batasunerako hiztegia (1968), Hilabeteen izenak (71), Filateli hiztegia (73), Merkatalgo izendegia (73), Zortzi urte arteko ikastola hiztegia (75), Matematikako hiztegia (78) eta H letradun ortografi arauak (79).

 

Fotos

Vídeos