Eneko Lazkoz, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako lehen sailkatua
Etxarri-Aranazko bertsolariak Nafarroa Arenarako txartela eskuratu du Agoizko finalaurrekoan nagusituta
X. Ibarbia
Donostia
Igandea, 2 azaroa 2025, 20:00
2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak badu lehen sailkatua. Eneko Lazkozek lortu du azaroaren 29an Iruñeko Nafarroa Arenan izango den saiorako lehen txartela, Agoizko Kultur Etxean, 190 lagunen aurrean, jokaturiko finalaurrekoan garaipena eskuratuta.
Sei bertsolari aritu ziren bertan kantuan, zozketak erabakitako ordenean: Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Eki Mateorena Zozaia, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Endika Legarra Nuin, Julen Zelaieta Iriarte. Zigor Gartzia 'Zian' aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta epaile, berriz, Cesar Etxeberria, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Patxi Barberena.
Saioko ariketa puntuagarri guztiak eginda, Etxarri Aranzko bertsolariak eskuratu zuen puntu gehien (508,5), eta horrenbestez, saioa irabazi eta azaroaren 29an Iruñean jokatuko den finalerako sailkatu zen. Haren atzetik gelditu dira Saioa Alkaiza Guallar (496,0), Ekhiñe Zapiain Arlegi (494,0), Eki Mateorena Zozaia (488,5), Julen Zelaieta Iriarte (458,5) eta Endika Legarra Nuin (441,0).
Hurrengo finalaurrekoa, azaroaren 8an Leitzan
Hurrengo larunbatean, azaroaren 8an, jokatuko da bigarren finalaurrekoa, Leitzan. Jabi Lezaun Landa, Julio Soto Ezkurdia, Kattin Madariaga Apaolaza, Mikel Lasarte Cia, Patxi Castillo Graciarena eta Sarai Robles Vitas izango dira bertan. Gai jartzailea Iratxe Legarra Nuin izango da. Hirugarren finalaurrekoa eta azkena, aldiz, azaroaren 16an izango da, Tafallan. Amaia Elizagoien Varela, Ekain Alegre Gil, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Alzuri, Xabat Illarregi Marzol eta Xabier Maia Etxeberria sailkatu dira bertan aritzeko. Bietarako zein finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.
Zortzi bertsolari lehiatuko dira Nafarroa Arenan: finalaurreko bakoitzeko lehena eta puntuazioz sailkatu diren beste bostak. Bi saiotan banatuko da finala: lehendabizi zortzi bertsolariak jardungo dira eta ondoren puntu gehien batu dituzten bi bertsolarien arteko buruz burukoa egingo da. Arratsalde osoko jardunaren ostean puntu gehien dituen bertsolaria izango da txapelduna.