Eneka Fernandez eta Raisa Alava artistek egingo dute egonaldia Warclaw-n, auto-edizioaren inguruan

Larraza, Fernandez, Alava eta Otegi, aurkezpenean/Usoz
Larraza, Fernandez, Alava eta Otegi, aurkezpenean / Usoz

Ekintza kultural bana burutuko dute. Lehenengoak sei asteko egonaldi artistikoa egingo du hiriko auto-edizio eszenaren mapaketa bat egiten; bigarrenak, 'study visit' edo ikerketarako bisita egingo du Poloniako hirira, bi eguneko tailerra emateko gero

DVDonostia

Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistikoa egingo dute Eneka Fernandez eta Raisa Alavak, AIR Wro (Artists in Residence Programme) programaren baitako udako egonaldietan. Auto-edizioan oinarritutako ekintza kultural bana burutuko dute.

Lehenengoak sei asteko egonaldi artistikoa egingo du Wroclawn, hiriko auto-edizio eszenaren mapaketa bat egiten, horien arazoak identifikatu eta irtenbideak proposatzeko topaketa antolatuz. Bigarrenak, aldiz, hogei eguneko 'study visit' edo ikerketarako bisita egingo du Poloniako hirira bi eguneko tailerra emateko.

Aurtengo udako egonaldien gaiari 'Self-publishing laboratory' edo 'Auto-edizioaren laborategia' izena jarri diote. Auto-edizioa gero eta praktika zabalagoa da europar hiri modernoetan; eta guztiz lotua dago diseinu grafikoan, narrazio alternatiboan edota D.I.Y (Do It Yourself, edo Egin Ezazu Zuk) proiektuetan aritzen diren artistekin.

Interneten sarbide masiboak, gainera, plataforma paregabea eskaini die diseinatzaile eta artista horiei, haiek sortutako lanak euren kabuz zabaldu ahal izateko. Egun, kultura independentearen eta mugimendu sozialen tresna garrantzitsuenetarikoa da auto-edizioa.

Laborategi honek, Alava eta Fernandezen proiektuez gain, Dresdengo Irène Mélix artistaren egonaldi bat ere hartuko du. Honek, hiriko LGBTIQ komunitateak eta euren historia aztertuko ditu. Ikerketa guztiek, amaieran, entzulegoaren aurrean aurkezpen bat egitea eskatuko dute, eta ekintza horiek denak 'Tamka Art-Hub & Club' gunean egingo dira; Wroclawko kultura independentearen puntu esanguratsuan.

Mapak eta komikiak

Fernandezen egonaldiaren helburua da hiriko auto-edizio eszenaren erregistro edo mapaketa bat egitea. Proiektuaren lehen fasean, auto-edizioaren munduan dauden agente guztiak identifikatuko ditu Fernandezek: autoreak, editoreak, inprimategiak, diseinatzaileak, liburu-dendak, bildumak; baita horien guztien kokapena eta kontaktua lortu ere, etorkizun batean elkarren berri izateko helburuarekin. Auto-edizioarekin lotutako pertsonekin elkarrizketak eginez edota liburutegi, liburu-denda, arte eskola edota estudioetara bisitak eginez burutuko du lana. Proiektuaren lehen fasea amaitzeko, emaitza guztiak mapa fisiko eta digital batean irudikatuko ditu.

Proiektuaren bigarren fasean, mapaketan identifikatutako agente eta sortzaileen arteko topaketa antolatzeko asmoa du Fernandezek, 'Autoedizioen klinika' izena eman dion ekintza batean. Euren argitalpen-prozesuetan zalantza edota arazoak topatu dituzten pertsonek hartuko lukete parte bertan.

Alavak, halaber, komikigintza landuko du, auto-edizioaren munduaren baitan. Bisitan, ekainaren 15ean eta 16an komikigintzarekin lotutako tailer ireki bana egingo du, 'Do it Yourself! Do it Basque way!' izenarekin, Culture Zone Wroclaw erakundeak horretarako aukeratutako lekuan.

Bertan, 14 urtetik gorako edozeinek eman ahal izango du izena, eta komikiaren aspektu ezberdinak landuko dira, besteak beste, marrazketa eta gidoi teknika ezberdinak.

Horrez gain, norberak komiki bat sortu eta argitaratzeko tresnak aurkeztu, azaldu eta garatuko ditu Alavak tailer horretan parte hartzen dutenekin, nahi duen edonork komiki bat argitaratu dezakeela erakusteko asmoz.

Temas

Euskera