Emily Brontëren 'Gailur ekaitztsuak' liburuaren irakurketa, poesia errezitaldia eta 16 liburu denda, Liburuaren Egunean

Gipuzkoa plazan antolatu dute azoka Liburu Denden Elkargoak eta Donostia Kulturak/Jose Usoz
Gipuzkoa plazan antolatu dute azoka Liburu Denden Elkargoak eta Donostia Kulturak / Jose Usoz

Hilaren 23an, asteartea, %10eko deskontua egingo da Gipuzkoa plazako stand guztietan. Gainera, jarduera sorta zabala prestatu dute egun osorako

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Hilaren 23an, asteartea, Liburuaren Nazioarteko Egunean, liburu azoka egingo dute Gipuzkoa plazan, Liburu Denden Elkargoak Donostia Kulturarekin batera antolatutako azokan. Guztira, 16 liburu dendak parte hartuko dute, goizeko 9:30etik gaueko 21:00ak arte egingo den azokan; %10eko deskontua egingo da stand guztietan. Apirilaren 23ko astean zehar, Liburuaren Egunaren harira, hainbat jarduera egingo dira Donostia Kulturako kultur etxeetan.

Liburuaren Egunean, 300 liburu zozkatuko dira eta %5eko deskontu bonuak emango dira parte hartzen duten liburu dendetan erabiltzeko 2019ko maiatzaren 31 arte. Jendeak txartel bat jasoko du, Azokako stand-etan gastatzen duen 5 euroko. Txartela saritzen bada liburu batekin, saridunak liburu bat jasoko du une horretantxe Donostia Kulturako karpan. Saria deskontua baldin bada, %5eko deskontua eska dezakete parte hartzen duten liburu dendetan 2019ko maiatzaren 31 arte.

Gainera, erosketetako 10€ bakoitzeko, euro bateko deskontu-balea emango da, Bideluze eta Meson Martín tabernetan edozein pintxo jateko, eta azokako liburu denden erakusmahaietan 30 minutuko txartelak oparituko dira Okendoko aparkalekuan erabiltzeko.

Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak informazio gune bat izango du Azokan. Bertan, liburutegiek eskaintzen dituzten zerbitzuak eta argibideak emango dira.

Egitarau anitza

Jardueren egitaraua, halaber, publiko mota guztietara zuzendua dago. Adibidez, haurrentzako jarduera bereziak antolatu dira. Eguerdiko 12:00etan Maite Arresek 'Yogipuinak' eskainiko du, yoga eta ipuinak batzen dituen saioa.

Arratsaldean berriz, 17:30etik aurrera 'Pupu ipuinen munduan' ikuskizuna dago programatua. Bertan, 2018 urtean liburutegi sare osoko mailegu zerbitzuetan liburu gehien hartu zituzten 10 haur sarituko dira. Saritu bakoitzari 30 euroko txartel-bono bana emango zaio Donostiako liburu dendetan liburuak erosteko.

Helduei dagokionez, goizean, 10:30-11:30 bitartean, Emily Brontë idazlearen 'Gailur ekaitztsuak' liburuaren irakurketa eskainiko du euskaraz EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak. Liburu honek itzulpengintzako 2018ko Euskadi Saria irabazi zuen eta irakurraldian Irene Aldasoro, liburuaren itzultzaileak parte hartuko du.

12:00etan Amaia García eta Slawka Grabowskak literatur ibilbide antzeztu bat gidatuko dute 1920ko hamarkadako Donostia irudikatzeko. Maria Alonso del Val aktoreak antzeztuko duen ibilbide honetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusian edo liburutegiaalderdieder@donostia.eus helbidean.

Jarraian, eguerdiko 13:00etatik 14:00ak arte, Donostia Kulturaren informazio gunean idazle talde batek Ramon Saizarbitoriaren 'Egunero hasten delako' eleberriaren pasarteak irakurri ditu; arratsaldeko 16:00etatik 16:30era Donostia Book Club taldeak Doris Lessing idazlearen jaiotzaren mendeurrenean 'On Cats' ipuin liburuaren testu batzuk irakurriko dituzte ingelesez; jarraian (16:30-17:00), Irakurketa Errazaren txanda izango da, eta kaleratu berri den 'Peter Pan' liburua irakurriko dute.

Azkenik, arratsaldeko 19:00etatik aurrera aurtengo azokari amaiera emateko Amaia Lainon-ek 'Poesia-kaxa' errezitala emango du.

Temas

Euskera