Emakumeen ekarpena nabarmenduko du 'Dock of the Bay' jaialdiak

Lou Olangua eta OK Corral taldeko gainerako kideak, 1989ko argazkian. /DV
Lou Olangua eta OK Corral taldeko gainerako kideak, 1989ko argazkian. / DV

Besteak beste, euskal rockean aurreneko emakumeetakoa izan zen Lou Olanguari buruzko filma aurkeztuko da urtarrilaren 7tik 12ra Donostian egingo den jaialdiaren Sail Ofizialean

Dock of the Bay Donostiako musika dokumentalen jaialdia 2019ko edizioko egitaraua iragartzen hasi da. Sail ofizialean lehiatuko diren bederatzi filmen izenburuak aurreratzeaz gain, antolatzaileek adierazi dute bereziki nabarmenduko dela emakumeek zinema dokumentalari eta musikari egindako ekarpena. Hiriko hainbat gune hartuko ditu jaialdiak urtarrilaren 7tik 12ra, eta, horrela, Trueba zinema aretoan eta Antzoki Zaharrean musika dokumentalak proiektatuko dira, eta Tabakaleran eta Dabadaba eta Convent Garden aretoetan musika eta kultur ekitaldiak izango dira.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, zinema eta musika zaleen topalekuak musika genero eta gai oso ezberdinak landuko dituen askotariko dokumental sorta aurkeztuko du aurten, besteak beste, Iparraldeko musika tradizionala, Milford Graves perkusio jotzailearen abangoardiazko jazza, Novedades Carminha taldearen pop musika edo Sonich Youth bandaren rocka.

Jaialdiko sail ofizialak bi euskal lan ere aurkeztuko ditu. Alde batetik, Usua Garinek, Andrea Lopetegik eta Izotz Barriok zuzenduriko 'Lou' filma. Lou Olangua 1980ko hamarkadan euskal rockaren aurreneko emakumezko ahotsetakoa izan zenari buruzko ekoizpena da. Olangua zarauztarra, 1960 urtean jaioa eta 2013an zendua, Los Humedecidos, OK Korral eta Las Lagartas taldeetan aritu zen. Bestetik Elsa Oliarj-inès zinemagilearen 'Bashaideak' dokumentalak euskal musika oso ikuspegi ezberdinetik aztertzen du, Zuberoko abesti tradizionalak landuz.

'Emakume zinemagileek zuzendutako bi ekoizpen hauek aurtengo Dock of the Bay jaialdian emakumeak duen garrantziaren adierazgarri dira. Izan ere, emakumeek zuzendutako sei film aurkeztuko dira jaialdian, horietako hiru sail ofizialean, eta beste horrenbestek emakume protagonistak dituzte', adierazi dute.

Emakumezkoen protagonismoa ere erabakigarria izango da musikaren eta ikus-entzunezkoen profesionalek osatutako epaimahaikideen artean. Horrela, lehiaketan sartuko diren lanak baloratuko dituzte Rotterdameko Zinema Jaialdiko programazio batzordeko kide Mercedes Martínez-Abarcak, Mostra de València-Cinema del Mediterrani zinemaldiko programatzaile eta zinema eta musika gai dituzten hainbat libururen egile Eduardo Guillotek eta Marcel Bages-ekin batera '45 cerebros y 1 corazón' disko saritua kaleratu duen Maria Arnal abeslariak.

Sail ofiziala

Sail ofizialean izango diren dokumentaletako batzuk nazioartean sarituak izan dira. Horrela, 'Bixa Travesti' Linn da Quebrada abeslari eta artista transgenero brasildarraren erretratua Cartagenako Zinema Jaialdian eta Documenta Madrid-en saritu dute, eta Miquel Serra musikari mallorcarraren 'erretratu intimoa eta emozionala' islatzen duen 'Els Ulls s'aturen de crèixer' dokumentalak Publikoaren Saria eskuratu zuen Bartzelonako In Edit jaialdian.

Halaber, 'O Espírito de Pucho Boedo' ekoizpenak Novedades Carminha taldeak 'A Santiago voy' Galiziako herri musikaren hit handia nola berrikusten eta omentzen duen filmatzen du, eta 'Cantares de una Revolución' dokumentalean, Nacho Vegas musikariak 1934ko urrian Asturiasko langile eta nekazarien altxamenduaren inguruko gertaera eta leku adierazgarrienetatik ibilbide bat egiten du. Gainera, 'La Estrella Errante' filmak Los Fiambres punk taldearen nondik norakoak aztertzen ditu, 'El lado oscuro del rocanrol' kultuzko diskoa kaleratu eta 30 urte geroago.

Milford Graves perkusio jotzaile famatuaren eta abangoardiazko jazzaren aitzindariaren erretratua da 'Milford Graves: Full Mantis' dokumentala, eta musikagilearen 'sormen kaleidoskopikoa eta jakin-min nekaezina' arakatzen ditu. Gainera, 'Hello Hello Hello: Lee Ranaldo: Electric Trim' ekoizpenak Sonic Youth taldeko gitarra jotzaile Lee Ranaldoren sormen prozesua islatzen du, Raül Refree ekoizlearekin elkarlanean sortutako 'Eletric Trim' diskoaren grabazioan.

Mintegia

Bestalde, aurten ere Gipuzkoako Aldundiko Kultura Sailaren eta Donostiako Sustapena udal sozietatearen babesari esker, 'Musika, irudia, kontakizuna' izeneko mintegia aurkeztuko du jaialdiak. Teoriko, kritikari eta zinemagileek zinema dokumentalari buruz eta zenbait gairi buruz hausnartzeko erabiliko dute mintegia, hala nola kontakizunaren egokitasuna musika dokumentaletan, dokumental horiek literaturarekin, antzerkiarekin edo arte ederrekin dituzten loturak, eta haien egiturak, anomaliak eta transmisioak.

Aaron Rodriguez Serrano mintegiaren koordinatzailearen hitzetan, 'zinemaren bidez kontatu nahi dugu musika' eta ideia horrek sortzen dituen galderak erantzuteko lekua izango da mintegia.

Hizlarien artean izango dira Elena Setien konpositore eta abeslari donostiarra, Eduardo Guillot Mostra de València-Cinema del Mediterrani zinema jaialdiko programatzailea, Lois Patiño zinemagile eta artista bisuala eta Marla Jacarrila artista bisual, idazle eta zine kritikaria.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos