Egun osoko festa euskal aldizkari beteranoenaren mendeurrena ospatzeko

Niña Coyote eta Chico Tornado. /FELIX MORQUECHO
Niña Coyote eta Chico Tornado. / FELIX MORQUECHO

Kontzertu bikain batekin amaituko da larunbat honetan 'Deskoloniza gaitezen'! lemapean Donostian egingo den jaia

M. IMAZ

Ehun urte ez direnez egunero betetzen, are gutxiago euskarazko komunikabideen arloan, ekitaldi eta ekimen ugari antolatu ditu azken hilabeteotan Argia aldizkariak etapa eta molde desberdinetan bada ere mugarri horretara iritsi dela ospatzeko.

Horietako ekimenen batzuk eragin iraunkorra izango dute, zenbaki guztien eta argazki artxibo historikoaren digitalizazioak kasu. Errazago ezabatuko da beste batzuen arrastoa, baina denak izango dira euskal aldizkari beteranoenaren historiaren zati. Festa nagusia, baina, larunbat honetan egingo dute Donostian, 'Deskoloniza gaitezen!' lemapean, urriaren 12an «Espainiako esta­tuak 'Arrazaren Eguna' edo 'Hispanitatearen Eguna' deitutakoa» baliatuz «Euskal Herriko eguneroko bizimoduko alor bakoitzean burujabetza bultzatzeko», 'informazio burujabetza' barne.

«Euskal Herri osoko adin guztietako euskaltzaleei zuzendutako jaia»-k ostiral honetan izango du atarikoa 21:00etan Trinitate plazan, 'Napardeath' film trilogiaren proiekzioarekin. Guztira bi orduko iraupena izango du kalean egingo den zinema emanaldiak.

Trinitate plazan izango da halaber larunbateko festaren bihotza. Hortik abiatuko dira 11:00etan Urgullera. Familian gozatzeko jolasa Iñaki Sanz Azkue biologoak eta Eñaut Aiertzaguena marrazkilariak gidatuko dute. Eta, 12:00etan, plazatik irtengo da, aurretik txistulariak doazela, ibilbide historikoa kalez kale Alde Zaharrean barrena. Miren Artetxe eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek, elkarrizketan, gaurko begiradatik kantatuko dituzte ibilbidean zehar nabarmenduko diren gertakari historikoak.

13:00etan Plaza Berrira (Konstituzio plazara) helduko dira, eta bertan soka-dantza dantzatuko da. Donostiako Txistulari Bandak joko du Jose Inazio Ansorenaren zuzendaritzapean eta Amaiur Luluaga eta Aiert Beobide dantzariek egingo dute aurresku eta atzeskua. Parte-hartzea librea da.

Bazkarri herrikoiaren bazkaloste luzea ekarriko du: 'Pobresiak' emanaldia; Txirri, Miurri eta Txiribiton Juniorren emanaldia San Telmo plazan (17:00); Nor­tasun Agiri Arrotzen Jaurtiketa Txapelketa; kalejira dantzaria...

Amaierako kontzertua 20:30ean hasiko da Trinitate plazan, bertan izango delarik puntako lau talde entzuteko aukera, «Euskal Herriko aniztasunaren erakus­garri, nola jatorriz, hala estiloz»: Amaren Alabak, Mursego, Balerdi Balerdi eta Niña Coyote eta Chico Tornado.

Temas

Euskera