Eguberri on Scrooge… anderea
Kontu jakina da atzoko gaua eta gaurko festa ez direla beti ospatu kristandadeko herrialdeetan. Egia katolikoek, protestanteek, anglikanoek, ortodoxoek, koptoek gogoratu ohi dutela beti Jesusen jaiotza. Egia Asiseko Frantziskok ekin ziola buztinezko figuren bitartez Betleemeko aska horretan gertatu zena azaltzeari herriko plazan, herriko leizetan.
Bai, ganbela hartan, idia eta mandemea lekuko, gertaturiko hori azaldu zuen otsoa anaia zuen santuak Asiseko parajeetan: jaio al zen bertan, emakume birjina batengandik Jainko baten eta gizakion semea? Adoratu egin zuten artzainek? Bere maiestatearen aitortza egin zuten izarrez dena zekiten hiru azti jakintsuk? Ez al ziren ba 12? Oscar Wildek kontatu zigun bezala, horren ederki, horren basa dantzatzen zekien Salomeri Bataiatzailearen burua zilarrezko erretiluan eskaini zion errege hark, desirak jota zen Herodesek, erail hil ote zituen jaioberri guztiak, askan munduratu zenak tronua kenduko zion beldur…?
Ez. Mendeetan zehar ez ziren Gabonak eta Eguberriak ospatzen. Luteranoek, kalbinistek festa, alegrantzia kasik zuten debeku. Ez zuten ulertzen eta uko, uko erabatekoa, egiten zioten katolikoek Jainkoaren eta santuen isla diren figura horiei zieten debozio basa, ia sakrilegoari. Kristandadearen lurralde askotan, jan-gauzekin, edariekin, dantzekin gozatzea deabruak jarritako tranpak ziren. Beraz, Gabonik ez, Eguberririk ez. (Horren berri zoragarria ematen du Karen Blixenek idatzi eta Gabriel Axelek zinemaratu zuen Babetten Banketeak)
Bestalde, jentilak oraindik zutik, bizirik, lehian, baziren lurrak non inongo jainkori ez zioten festa baizik eta negu etorri berriari, lotara joan zen Ama lurrari, Naturari. Eta festa hartan gaztaina erreak jaten ziren, txipli, txapla, pun.
Sinesten zaila bada ere, egungo gabonetako iruditeria osatzen duten hainbat eta hainbat elementu 'Itxaropen handiak', 'Bi Hirien Historia', 'David Copperfield' edo 'Oliver Twist' lanak idatzi zituen Charles Dickensi zor dizkiogu. Eta gutako askok kontent oso ematen dizkiogu urtero eskerrak bere espirituari.
1843ko abenduaren 19an argitaratu zuen Charlesek, geroxeago, oso geroxeago, Xabier Mendigurenek, Iñaki Mendigurenek eta Nerea Mujikak euskarara ekarriko zuten 'A Christmas Carol' edo 'Eguberri Kanta'.
Hain izan zen markaz fuerakoa, sekulakoa, itzela ipuinak izan zuen arrakasta ezen Ingalaterran jendea hasi baitzen orrialde horietako paisaia bai kanpokoa bai emozionala errepikatzen. Bitartean, Erdialdeko Europan hasiak ziren kristauak bizitzaz kostata baina pitin bat gozatzen eta urtearen azken hilaren lehenengo egunerako presto zituzten, jada, merkatu txikietan, ardo gozo eta bero tabernetan, Jesusen etorrerako zeremoniak.
'Eguberri Kanta' horren nondik norakoa denok dakigu; lagunik ez zuen (lagunik onartzen ez zuelako) Scrooge jaun zikoitz eta zakarrak, Eguberria zer zen ere ez zekienak, hartuko ditu berean (nahigabe, jakina) iraganeko, oraingo eta etorkizunezko Gabonetako hiru espirituak. Bere haurtzarorantz eramango du batak. Erakutsiko dio bigarrenak inork pena handirik hartu gabe zendu berri den bere gorpua. Hirugarrenak, berriz, biharko balizko Eguberriaz egingo dio berba…. Scroogek konprenituko du mamuen mezua eta izaeraz aldatu. Elezaharrak dio, harrez-geroztik Scroogek baino beste inork ez dakiela horren alai eta bihotz onez Gabonak ospatzen…
Klasiko bilakatu zen ipuina. Hamaika bertsio izan ditu. Paperean, zeluloidean, irratian, gailu eta pantaila birtualetan,.. Urtero berritzen den istorioa da. Gaurkotzen dena. Berpizten dena.
Sekulako atrebentzia
Aurtengo atrebentzia eta balentria inoiz baino ikaragarriagoak izan dira, ordea. 2001ean Bilbon sorturiko Astiberri argitaletxe maila gorenekoak erronka galanta jarri zion Herman Melvilleren Bartebly marrazkietan kontatzen atrebitu zen Jose Luis Munuerari... Eta Scrooge gizonezkoa izan ordez emakumezkoa balitz? Eta irudikatuko bazenu/genu Ebenezer izena ez duela Elizabeth baizik…?
Jose Luisek ez zuen atzerapausorik eman, onartu zuen desafioa. Eta emaitza berdingabea da. Elizabethek argi eta garbi azaltzen dizkigu paper oneko orrialde elegante horietan hain zakarra izateko bere arrazoiak. Etsai moduan jotzen duen mundu batean ezin duzu inoiz, ezta Gabonetan ere, amore eman.
Ederra bezain krudela da kontakizuna eta politena zera, Elizabeth ez da derrepentean majo, jator, alai jokatzen hasiko. Ezta pentsatu ere. Espirituek esandakoa onartuko du baina bere erara, bere nortasunari eutsiz. Ondorioz, izaeraz ez da mudatuko. Lagunartekoago bihurtuko da, solidarioago portatuko da gizartean, ixilean lagunduko ditu laguntza behar eta merezi duten batzuk. Saiatuko da ere besteengan konfiantza handiagoa edukitzen…
Izango da, alta, beti erne, beti zelatan, beti atezuan. Eguberrietan ere ez baita, bere ustez, ez inorekin ez ezerekin gehiegi fidatzerik. Irakur ezazue 'Cuento de Navidad'-en moldaketa berria. Irakur ezazue eskuan ardo gozoa eta platerean turroia dituzuela. Ni Elizabethekin naiz elkartzekoa.