EGILE ESKUBIDEAK

Karlos Linazasoro
KARLOS LINAZASORO

Aste honetan urteko egile eskubideei dagokien saria jaso dut gutun handi batean. Argitaletxe berean ateratako hamazazpi libururen zerak likidatu dizkidate (likidatu, nioen, zentzu literalean, oi). Nik pentsatuta neukan diru horrekin bizikleta urbano bat erostea (txirrina duten horietakoa, badakizu), eta gero, sobratzen zenarekin, emaztea afaltzera gonbida-tzea. Ireki nuen gutunazala, eta barruan, beste paper mordoska baten artean gordea, txekea zetorren: 53,57 euro. Klaro, lehen gauza pentsatu nuena izan zen koma gaizki jarrita zegoela, 535,7 euro izango zirela, 5357 euro askotxo iruditu baitzitzaidan. Baina, ez: hitzek ez dute engainatzen: berrogeita hamairu euro eta berrogeita hamazazpi xentimo ziren. Ostias, esan nuen, oraingoan txikitu dituk errekor guztiak, Karlos! Ez nuen xehetasunik begiratu nahi izan. Dena minus zen. Negarra neukan begian. Hamazazpi libururen ordainak! Erraz esaten da. Ez hasi idazten, neska-mutikook. Gosez akabatuko zarete. Emazteari esan nion ez ginela Mugaritzera joango, edo beste gure kozinero famosoren baten etxera. Beste batean, akaso. Eta bizikletak ere itxaron egin beharko zuen ba. Hurrengo liburuekin, agian. Badauzkat martxan batzu-batzuk. Baina igual, ez dakit ba... eta arrakasta eta fama kontrakoeztarritik joaten bazait? Ez al naiz horrela kontent bizi? Ia hamar mila pezeta ere ez da gutti. Liburu bakoitzeko lau bat euro. Makina bat izango da guttiago irabaziko duenik! Prekaritate handia dago munduan, eta irakurle gutti, nonbait. Baina neu naiz kulpante bakarra, hori argi dago. Eskasa naizelako, tonto osti bat. Besteek egiten dutena, zergatik ez dut neuk egiten? Hortxe galdera, eta erantzunak lotsagorritu egiten nau. Esan zidaten militarrek, bai, inutil totala nintzela, eta itxuraz haiek ere ez zuten arrazoi paltarik, zoritxarrez.