Quebec-en jarraipena emango dio Etxeparek Edinburgon hasitako bideari

Zupiria sailburua eta Irene Larraza Etxepareko zuzendaria/Etxepare
Zupiria sailburua eta Irene Larraza Etxepareko zuzendaria / Etxepare

Scotland Goes Basque programari esker, euskal kultura ikusgai egiten ari da urte osoan zehar Eskozian; Zupiria sailburuak uste du kulturaren arloa «estrategikoa» dela aipatutako Euskadi-Basque Country nazioartekotzeko estrategian

DVDonostia

Euskal sortzaileei aukera berriak eskaintzearen eta «gure herria eta kultura nazioartean ezagutzera ematearen» garrantzia nabarmendu ditu Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Edinburgon. Scotland Goes Basque programaren baitan antolatutako zenbait ekimen eta emanaldi bertatik bertara ezagutzen ari da bertan, eta Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival jaialdietan euskal sortzaileek eduki duten partehartzea ikusteko aukera izan du.

Scotland Goes Basque programari esker, euskal kultura ikusgai egiten ari da urte osoan zehar Eskozian. Neguan euskal musika izan zen protagonista, eta udaberrian euskal zinemak hartu zuen lekukoa. Orain, abuztuan, arte eszenikoen eta literaturaren txanda da.

Etxeparek abiatutako bide berri honen garrantzia azpimarratu du sailburuak. «Etxepareren lanari esker euskal sortzaileek beren talentua mundu osoko hainbat herrialdetara eraman dute azken urteetan. Aurten, urteroko lan hori egiteaz gain, Etxeparek erronka berri bat ezarri du: herrialde bat lehenetsi eta nazioartean euskal kulturaren erakusleiho nagusi bilakatu. Eta helburua da urtez urte proiektu honi ekitea. Eskozia izan da lehen geldialdia, Euskadi-Basque Country estrategiaren baitako lurralde estrategikoetako bat delako eta kulturak pisu handia duelako herrialde honetan, batez ere udako jaialdietan. Ikusten ari gara erabaki zuzena izan dela, eta datorren urtean bide honi jarraipena emango diogu, Quebecen».

Kultura, arlo «estrategikoa»

Bisita honen barruan Zupiria sailburuak Eskoziako Gobernuko Kultura, Turismo eta Kanpo Gaietarako kabinete idazkari Fiona Hyslopekin biltzeko aukera izan du (kabinete idazkariak Euskadiko sailburuen kargu baliokideak dira), etorkizunean proiektu eta esperientzia berriak partekatzeko aukerak aztertzeko. Sailburuak uste du kulturaren arloa «estrategikoa» dela aipatutako Euskadi-Basque Country nazioartekotzeko estrategian.

«Eusko Jaurlaritzak onartutako Euskadi-Basque Country 2020 estrategiak nazioartekotzerako tresna estrategiko gisa identifikatzen du kulturaren arloa, industria, turismoa edota kanpo-harremanekin batera. Gure herriaren irudia zeharo aldatzen ari da azken urteotan, eta denok ikusten ari gara kulturak hartu duen pisua Euskadiren irudi berri horretan. Gero eta gehiago ikusten gaituzte kulturan interesa duen herri bezala; nazioartean gero eta ikusgarriagoa da gure kultur eskaintza: gure museoak, jaialdiak edota sortzaileak. Horrekin batera, Euskadin bertan egiten dugun apustu horrez gainera, uste dugu egokia dela gure sortzaileei aukerak erraztea beren talentua gure mugetatik harago eraman dezaten. Eurek eskertu egiten dute beren ibilbide artistikoan oso lagungarria izan daitekeelako eta, era berean, gure kulturaren enbaxadore bilakatzen dira».

Temas

Euskera