Donostiako bertsolariak plazaratu eta ikusarazteko, bertso-eguna antolatu dute larunbaterako

Donostiako bertsolariak plazaratu eta ikusarazteko, bertso-eguna antolatu dute larunbaterako

16 bertsolarik hartuko dute parte, bikoteka banatuta, eta lagun giroan, lehiaketa modukoa egingo dute hiriko Alde Zaharrean

DVDonostia

Joan den martxoan Donostiako hainbat bertsolari elkartu eta lau bertso saio antolatu zituzten lau auzotako taberna banatan. Hasitako ekimen horri jarraipena emateko, datorren larunbatean, ekainaren 15ean, Donostiako Bertsolari Eguna deitu duguna egingo dute Donostiako Alde Zaharrean. 16 bertsolarik hartuko dute parte. Bikoteka banatuta, eta lagun giroan, lehiaketa modukoa izango da.

Lehenengo egindako saio horietan, 19 bertsolari, lau gai jartzaile eta hainbat lagun aritu ziren antolaketa lanetan, eta saioetara bertaratutako entzuleak ikusita hartu zuten ekimenari jarraipena emateko erabakia.

Larunbateko hitzorduak 17:00etan Erniope tabernan, 18:00etan Herrian, 19:00etan Belfasten eta 20:00etan Aurreskun izango dira. Bakoitzean bi bikote ariko dira eta ordu erdiko saio bat egingo dute. Taberna bakoitzean ariko den bikote batek 23:00etan Arrano Elkartean egingo den finalerako txartela eskuratuko du.

Donostian bertsoaren inguruan aritzen diren lagunek elkar ezagutu dezaten sortu dute ekimena, «besteak beste, ezagutza horretatik etorkizuneko proiektu eta ekimenei bide egiteko».

Bestalde, «Donostiatik kanpo eta Donostian bertan dagoen irudia gainditzeko asmoz», hiriari bertako bertsolaritzaren egoera ezagutarazi nahi diote, eta donostiar zein Donostiako bertsolariei plazak eskaini, jendaurrean trebatzeko aukera emanez.

Temas

Euskera