«Disko hau gure aurreko trikitilariei eskaini diegu»

Agurtzane eta Ion Elustondo, diskoa aurkeztu zuten eguneko argazkian, Donostian./PEDRO MARTÍNEZ
Agurtzane eta Ion Elustondo, diskoa aurkeztu zuten eguneko argazkian, Donostian. / PEDRO MARTÍNEZ

Lehen diskoa kaleratu eta lau urtera bigarrena ekarri dute Agurtzane eta Ion Elustondo legazpiarrek, esanahiz betetako 'Bizirik dauden eskuak' lana

NEREA AZURMENDI

Gazteak dira Elustondo anai-arrebak, Agurtzane eta Ion. Oso gazterik hasi zirenez, ordea, urte asko daramatzate legazpiarrok erromeriaz erromeria, soinuarekin bata eta panderoarekin bestea. Garai bateko trikitilariak ezagutzeko eta haiengandik ikasteko zein belaunaldi berrien iritsiera eta trikitixaren azken urteetako bilakaera ikusteko adina. Euskal Herriko Txikitixa Elkarteko lehendakari izateak ere eman dio ogibidez ekonomialaria den Agurtzaneri bilakaera horren eta trikitixak gaur egun bizi duen egoeraren ikuspegi zabala. Besteak beste, emakumeek trikitixan izan duten rolaren aldaketaren ingurukoa, bereziki arduratzen baitu gai horrek. Esperientzia horiek guztiek, lehengotik jasotakoak eta gaur-gaurkoaren jabe izateak, ezusteko mingarren batzuk... Horrek guztiak utzi du arrastoa Elkar-ekin argitaratu duten 'Bizirik dauden eskuak' diskoan.

– Nola planteatu zenuten bigarren disko hau?

– Diskoa egiteko aukera sortu zitzaigunean ez ginen ibili pentsatzen zerk izango zuen arrakasta, edo zer salduko zen ondoen. Erabaki genuen gure gustuko diskoa egitea, eta piezak aukeratzeko orduan sueltoko asko sartu genituen: 16tik 10. Gure emanaldietan ere sueltoko dezente jotzen ditugunez, horri eman genion garrantzia. Asko zirela esan ziguten, baina aspaldian ez da kaleratu disko bat hainbeste sueltoko pieza dauzkanik.

– Zuen asmoei eta borondateari ihes egiten dieten faktoreek ere baldintzatu dute diskoa.

– Bai, diskoaren inguruko burutazioetan ari ginela izan ziren asko ikutu gintuzten bi gertakari. Batetik, Kepari iazko urte bukaeran gertatu zitzaiona [Kepa Junkerak iktus bat izan zuen 2018ko abenduan, Belgikan biran zela]. Zorionez ondo dago, baina handik hilabete eskasera Lajarena gertatu zen [Iñaki Garmendia 'Laja' (1944-2019) urtarrilaren 12an hil zen]. Biak oso hurbilekoan genituen. Laja izan nuen nik maisu, 10 urte nituela hasi nintzen harekin. Nik esango nuke bi gertakari horiek asko markatu dutela disko honen norabidea eta edukia.

«Garai bateko dantzarako piezek zuten indarra modernitatearen filtrotik pasatu nahi izan dugu»

«Kepa Junkerari gertatu zitzaionak eta Lajaren heriotzak eragin handia izan dute disko honetan»

– Nola?

– Urtarrilean diskoetxeak esan zigun apirilaren 1ean hasi behar genuela diskoarekin. Piezak bageneuzkan, baina diskoari ze kolore eman erabakitzeko orduan eragin handia izan zuten gertakari horiek. Horrelakoetan pixka bat atzera begira jartzen zara, iristen zaizkizu oroitzapenak... Piezen izenburuak jartzerakoan ere izan genituen kontuan. Hasieran pentsatu genuen kanta bat eskaintzea baina, modu ia inkontzientean, diskoaz jabetzen joan zen sentsazio hura. Aurrena pieza bat, gero izenburuak... Azkenean diskoa gure aurreko trikitilariei eskaini diegu, egin duten transmisio lanagatik.

– Zertan igartzen da proiektuak hartu zuen norabide berezi hori? Eragin zuen piezetan, esaterako?

– Piezak berriak dira denak. Badituzte armonia eta gauza berriak, baina saiatu gara garai bateko espresibitatea eta espontaneitatea ematen. Naturaltasun hori izan da lehentasuna, ez birtuosismo erakustaldia egitea. Nahi genituen jendeak txistukatuko dituen doinuak, melodikoagoak, neurri batean errazagoak, transmisioa errazten duen bizitasuna eta soiltasuna dutenak, nahiz eta detaile bakoitza oso zaindua egon. Garai bateko dantzarako piezek zuten indarra modernitatearen filtrotik pasatu ditugula esan daiteke. Horretarako, nahiz eta baliabide teknologiko aurreratuenak erabili, hamar pieza berri horiek grabatu nahi izan ditugu garai bateko eran. Altabozik ez zegoenean soinua tonu altuagoarekin jotzen zuten, urrutitik hobeto entzuten zelako, eta horrela egin dugu. Trikitixa eta porrusaldetan, kantua eramaten dutenetan, ahotsak sartu ditugu, eta irrintziak ere bai guztietan.

– Perkusioari ere eragin dio ikuspegi horrek.

– Bai, garrantzi handia eman nahi izan diogu. Soinua baino lehenagokoa da panderoa, horrekin egiten zituzten erromeriak soinua iritsi aurretik. Hiru panderista izan dira grabatzen –Ion, Leturia eta Motriko–, sonoritate desberdinak iateko, eta abestiren batean bi pandero ere erabili dira. Zumarragako trikitixa bi panderistarekin joaten zen, Bizkaian ere bazuten ohitura hori. Zuzeneko emanaldietan akaso ez da erraza izango, baina diskoan keinu bat egin nahi izan dugu. Kriskitinak ere sartu ditugu. Orain arte, gure ezagutzan behintzat, fandangoa grabatu izan da bakarrik kriskitinez lagunduta. 1979an Martin eta Iturbidek grabatu zuten diskoan fandangoetan jotzen dira soilik. Gure kasuan Leturia etorri zen fandangoa grabatzeko asmoarekin, baina esan zigun bazeukala oroitzapena arin-arinean ere erabiltzen zirela. Proba egin genuen, eta hala grabatu dugu, ohitura hura berreskuratzeko.

– Sueltokoak dira nagusi, baina beste sei kanta ere badaude diskoan, letradunak. Horiek ere berriak dira?

– Letrak bai. Denak dira berriak, propio eginak. Ionek eta Estitxu Pinatxo abeslariak jarri dute ahotsa abesti horietan. Bestela, ezagunak ziren doinuen moldaketak dira. Ikerketa lana egiten ibili gara originalak aurkitzeko, zeinenak ziren jakiteko, baina kontuan hartu behar da nola ibiltzen ziren gure aurrekoak. Ez zeukaten ez grabagailurik, ez irratirik, ez ezer, eta egiten zutena zen orkestra bati-edo entzuten ziotena buruan hartu eta bakoitzak bere filtrotik pasa. Haien euskarri bakarra burua zen... Guk doinuak hartu ditugu, arregloak egin dizkiegu, beste instrumentu batzuk sartuta –bateria, kontrabaxua, gitarra akustikoa, biolina...–, aldaketaren batzuk ere bai. Eta, esan bezala, letrak jarri dizkiegu.

– Letragile bikainak izan dituzue lagun lan horretan.

– Bi kantu Xabier Amurizak egin dizkigu, beste bi Jon Sarasuak, kantu bat Asier Iriondok eta hiru ahizpa-arreba den Nerea Elustondok.

– Zer moduz egokitzen da diskoa zuzeneko emanaldietara?

– Sueltokoak dauden bezala zuzenean interpretatzeko eta natural gelditzeko modukoak dira. Gainerakoak diskoan dauden bezala ematea konplikatuagoa da. Uztailaren 18an, diskoaren aurkezpenean, kontzertu formatuan interpretatuko ditugu denak Legazpin, diskoko kalitate berean. Horrelako gehiago ateratzen badira, ondo, baina ez zen hori gure pretentsioa. Guk gauza polit bat egin nahi genuen, betiko hor geldituko dena. Eta pentsatu nahi dugu, izenburuak dioen bezala, nahiz eta gure artean ez egon, utzi diguten lanari esker diskoko kantak jotzen edo entzuten diren bakoitzean bizirik egongo direla gure aurrekoen eskuak.

Temas

Euskera