Dinamikak

Dinamikak
Iñigo Royo / DV

Jolasaren azalpenean hamar aldiz 'dinamika' eta bederatzi aldiz 'emozioa' hitzak erabili dituzte

Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Irakasleak hizkuntza sustatzeko metodoei buruzko ikastaro batean eman du izena. Sartu bezain laster, zapatak kentzeko eskatu diete. Bitxia iruditu zaio gure irakasleari, baina antolatzaileek hala eskatu dutenez, oinutsik egoteak zentzuren bat izango duela pentsatu du. Ondoren, taldeka jarri dituzte zozketa bidez. Hamar bat minutu eman dituzte nor norekin egokitzen zen zehazteko. Koloredun taldeak osatu dituzte: Gorriak, Berdeak, Zuriak... Behin lerroak eta bandoak zehaztuta, erlaxatzeko eta giro positiboa sentitzeko eskatu diete. Une horretan irakasleari errezeloa piztu zaio. Agian, eskola zaharrekoa da, eta kosta egiten zaio dinamika berriak bereganatzea.

Jolas bat egingo dutela esan diete antolatzaileek. Jolasaren azalpenean hamar aldiz erabili dute «dinamika» hitza. Bederatzi aldiz, «emozioa» hitza. Pentsa daiteke ordu arte denbora galtzen aritu direla mamirik batere ez duten jardueratan. Baina irakasleak ez du etsi nahi, eta antolatzaileek aipatutako giro positibo horrek zerbaitetarako balioko duela pentsatu nahi du, bera ere giro horrekin kutsatuko dela.

Harrapaketan hasi dira aurrena; briletean hurrena. Denbora aurrera doa, eta jolasekin jarraitzen dute: zapiarena, matxinsaltoarena... Jolasen ondotik aitortzak etorri dira, biribilean jarrita. Bizipen pertsonal bat kontatu behar dute denen aurrean. Alkoholiko Anonimoetan bezala, pentsatu du irakasleak, baina ez da esatera ausartu. Enegarrenez errepikatu dute dinamika positibo bat ezartzeko egiten ari direla hori guztia. Ikasle gehienek irribarre ergela dute aurpegian, eta pozik dirudite. Pailazo sudurra bakarrik falta zaiela ondorioztatu du irakasleak. Ohartzen hasia da elkar ezagutzeaz gain, ez dutela probetxuzko beste ezer egingo.