Tandileko euskal etxeko dantza taldeko dantzariak entsegu batetan. A.D.T.

Diasporako 250 dantzarik Argentinan 'Martin Zalakain' eszenaratuko dute

Argia Dantzari Taldeko kideen gidaritzapean, 25 euskal etxetako partaidek hartuko dute parte larunbatean estreinatuko duten obran

Itziar Altuna

San Sebastián

Domingo, 26 de octubre 2025, 07:34

Argia Dantzari Taldeak 2017an estreinatu zuen 'Martin Zalakain' dantza, kantu eta antzerki ikuskizuna. Guztira 22 emanaldi eskaini ziren Euskal Herriko hainbat antzokitan, azkena duela hiru urte Donostiako Victoria Eugenian. Orain, ikuskizun hori berriro eszenaratuko da Argentinako Tandil hirian, baina Argentinako eta Uruguaiko 25 Euskal Etxetako euskal dantza taldeen eskutik. Hilabeteak daramatzate emanaldia prestatzen Argia Dantzari Taldeko kideek bidali dizkieten bideo eta aholkuak jarraituz. Ikuskizuna larunbatean estreinatuko dute, Argentinako Euskal Etxeen 'Euskal Aste Nazionalaren' ospakizunean.

Publicidad

Sara Urbieta Tandileko Gure Etxeko dantza taldeko zuzendariari esker gauzatuko da proiektua. «Eusko Jaurlaritzak diasporako gazteei zuzendutako Gaztemundu programan parte hartu zuen eta hona etorri zenean 'Martin Zalakain' ikuskizuna ikusi zuen. Hainbeste gustatu zitzaion, Argentinara eraman nahi izan duela. Eta aurten, euskal etxeen astea bere hirian ospatzen denez, gurekin harremanetan jarri zen emanaldi hau bertan egin ahal izateko, baina hango dantzariekin», azaltzen du Jexux Larreak, Argia Dantzari Taldeko arduradunetako bat denak. «Burua berotu» ondoren, erronka onartu eta lanean jarri ziren guztiak.

Lan interaktiboa

Pio Barojaren 'Zalakain abenturazalea' liburuan oinarritu eta Juan Antonio Urbeltzek zuzendu zuen ikuskizuna prestatzeari maiatzean ekin zioten, emanaldia Argentina eta Uruguaiko dantza taldeen behar eta ezaugarrietara egokitzen, koreografia, musika, antzerki eta jantziteria azaltzen, transmititzen eta osatzen laguntzeari. Argentinan 250 bat kidek osatuko dute 'Martin Zalakain' obraren lantaldea, –«hemen ehun bat inguru izan ginen» gogoratzen du Larreak–. Horregatik, «partetxo berri batzuk» sartu dizkiote emanaldiari, «jende gehiagok parte har dezan». Dantzariez gain, aktore talde bat ere testuan lanean ari da –gaztelaniara itzuli dute Harkaitz Canok idatzitako gidoia–.

Zailtasun nagusienetako bat, «25 talde desberdinetako dantzariak izango direla, talde bakoitza hiri batetakoa». Lana errazteko, lehenengo erabakia «ikuskizuna xerratu eta bakoitzari tokatzen zaion zatia bidaltzea» izan zen. Argiako dantza-maisuek, hainbat dantzariren laguntzarekin, bideoak sortu eta bidali dizkiete ere, pausuak ikas ditzaten. «Oso lan konplikatua izan da, gero beraiek ere ikasitakoa bidali digute, hemen ikusi eta zuzentzeko, baina orokorrean lan polita egin dutela ikusi dugu».

Argentinara bidaia

Lanari 'azken ukituak' emateko, Argia Dantzari Taldeko bederatzi dantzari-maisu eta musikari Argentinara iritsi berri dira, taldeen azken entseguak bertan zuzentzeko. Horretarako hainbat hiritara joan beharko dute, «eta han distantziak handiak dira...», gogoratzen du Larreak. Azken entseguak Tandilen bertan egingo dituzte «puzzle horiek guztiak muntatzeko».

Publicidad

Jantzitegiaren eta musikaren kasuan, lana bestelakoa izan da. «Ikuskizun originalerako jantzi aproposak diseinatu ziren, baina orain ezin da halako jantzitegi oso bat egin, beraz, han dituzten jantziekin moldatu beharko gara. Hemendik ideia batzuk eman dizkiegu, baina hara iristean aukeratu beharko ditugu egokien iruditzen zaizkigunak». Musikari dagokionez, 'Martin Zakalain' ikuskizunean sortzen den klima berezian garrantzi handia duenez, lau musikarik ere bidaiatu dute Argentinara, «bertako taldeekin entseguak egiteko eta emanaldi nagusian jotzeko, nahiz eta han ere kolaboratzaileak izango dituzten».

Honelako lankidetza bat egiten den lehenengo aldia dela azpimarratzen du Larreak, eta «oso harreman polita» sortu dela diasporako dantzariekin. Orain arte egin denaren «zerbait desberdina da, ez da hemendik hara dantzatzera joan eta listo, zerbait interaktiboa izan da». Eta hemen, Sara Urbietaren «izugarrizko» lana aldarrikatzen du, «euskal etxe guztietako dantza talde guztiak adostu ahal izateagatik».

Publicidad

ZETAKen kontzertua, euskal astearen beste hitzordu erakargarria

Tandil hirian ospatuko dute aurten Argentinako Euskal Etxeek beraien astea, bihar hasi eta igandera bitarte, eta larunbatean Martin Fierro anfiteatroan eskainiko den 'Martin Zalakain' ikuskizuna izango da emanaldi nagusienetako bat, diasporan dantzak duen indarraren erakusle. Baina beste hainbat ekintzek ere osatzen dute egitaraua, besteak beste ZETAK taldeak eskainiko duen kontzertua ostiralean, Gure Etxea euskal etxean. Xuberoako Aintzindariak taldearen emanaldia, sagardotegi giroko afaria, erromeriak, hitzaldiak edo liburu aurkezpenak ere antolatu dituzte.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad