
Secciones
Servicios
Destacamos
Abiadura bizian doan gizarte honetan, munduko txokorik urrunenean gertatzen denaren berri izan dezakegu ia unean bertan, baina maiz alboan duguna ez dugu ezagutzen. Halakoetan, sari edo aipamen bat jasotzeak, argazkia lortzeak, bultzada handia eman diezaioke proiektu bati. Horixe espero dute berriki Elkar Fundazioaren Ibilbideari saria jaso duen Zenbat Gara elkarteko Eider Cortazón, Eider del Canto eta Jabi Zabala kideek. Ekimena 1990eko hamarkadan jaio zen Bilbon Gabriel Aresti euskaltegiaren bueltan, eta euskara irakastea izan bazen ere abiapuntua egun askoz ere helburu eta ekimen gehiago dituzte hiria euskalduntzeko bidean. «Zenbat Garari ematen dio ikusgarritasuna Euskal Herri mailan eta hori eskertzekoa da. Baina garrantzitsuagoa da Bilbo mailan euskaraz aritzen diren eta lanean dauden elkarte txiki horiek, inpaktu gutxiago dutenak, saretzeko izan dezakeen eragina. Indarra edo baliabideak ematea euskaldunok ikusgarriago izan gaitezen Bilbo handi batean», dio Cortazónek.
Izan ere, urte hauetan pausoak eman badira ere oraindik egitekorik badela argi dute. Zabalak aldarrikatu bezala «markoa apurtu behar da». Euskara irakastetik abiatu zen, oroitzen du, baina nahikoa ez zela hausnartu eta bestelako ekimenak heldu ziren: Kafe Antzokia, Bilbo Hiria Irratia, Algara konpartsa, Erroa argitaletxea edo haur eta gazteentzako Kurkuluxeta eta Gazteola ekimenak, besteak beste. «[Euskaltegian] euskaldundu egiten duzu, baina ateratzen denean... Ez da soilik gure eginkizuna, baina benetako errealitate eta komunikazio egoeretan euskara erabiltzeko aukera ematea garrantzitsua da», dio. Eta ez soilik euskara ikasten ari direnentzat, baita ikasi dutenentzat edo 'zero mailako' sarbide bezala ere. Adibide jartzen du Kafe Antzokia. «Sartzen bada lehen harreman bat izan dezake, euskara ikasten hasi eta bihar-etzi euskaldun osoa izan». «Erakundeek edota administrazioak ez badu eskaintzen guk eskaintzen dugu», dio umorerik galdu gabe Del Cantok.
Bide horretan pozik dira transmisioa bermatze aldera lortutakoarekin. «100 pertsonatik gorako lantaldea gara eta plantilla gaztea dugu. Jende pila sartu da super gogotsu eta orain erronka handiena etxe hau haiena ere badela transmititzea da, denok horretan jarraitzen dugula eta proiektu oro ongietorria dela gauzatu ahal bada», azaltzen du Cortazónek. Bat dator Del Canto. «Oso belaunaldi potentea da, burua ondo atondua duena». Eta gaineratzen du gazteek paso egiten dutenaren estereotipoa gezurtatzen duela.
Elkar Fundazioak emandako Ibilbideari sariak ere Bilbori buruzko aurreiritzia aldatzen laguntzea espero dute, baita euskararen bueltan lanean dabiltzan elkarte eta eragileak saretzen ere, «ikusgarritasun eta erreferentzialtasun» hori lortzen. «Nazio mailan ikusgarritasuna izateko halako sariek bultzadatxo bat ematen dute, gutxienez hemen gaudela konturatu dira», dio Del Cantok. Izan ere, Cortazónek azpimarratzen du Bilbon elkarte ugari daudela eta hauek lan mordoa egiten dutela, baina maiz ez dutela «ez daudela saretuta». Ildo horretan, hiruek eskerturik jasotzen dute aipamena, nahiz eta argi duten bestela ere «berdin-berdin» jarraituko luketela lanean, «oraindik egitekoa» badelako Bilbo euskalduntzeko bidean. Hori bai, ez dute ezkutatzen «batek egindako lana kanpotik baloratzen denean» eskertzen dela eta aipamenak «depositua bete» eta motibatzeko balio duela.
Hala, saria Euskaraldiaren bezperetan jaso izana eta aitortzak Kafe Antzokiaren 30. urteurrenarekin kointziditzeak «oso sinbolikoa» dela diote. «Batzuetan bidea gogorra da, zaila, ezkortasunerako uneak ere badaude eta euskararen aurkako oldarraldia bere gorenean dagoenean halako aipamen edo saria jasotzeak halako txutea ematen digu, aurrera jarraitzeko energia».
Bultzada horrekin etorkizunari begira bi indar ikusten ditu Zabalak. Batetik, «jendea motibatu eta euskarara erakarri»; eta, bestetik, «behar den eremuetan eta behar denari galdetzea, eskatzea, aldarrikatzea, euskara ez dabilela ondo». Lana egin baita, baina «asko» baitago egiteko. Espero dute Guka bezalako proiektuekin, Bilboko auzoak saretzea helburu duena, posible izango dela.
«Dirudi urruti garela, baina herri bat gara, hizkuntza bat dugu. Nahiz errealitate ezberdinak izan». Elkar Fundazioaren Proiektuari saria jaso berritan Kanaldude telebistako Pantxika Maitia eta Eki Pagoagak argi zuten aitortzak, sortutako pozaz gain, ateak ireki ditzakeela. Batetik, diruak egonkortzen lagun dezakeelako; bestetik, jada abian dituzten «mugaz gaindiko harreman horien hurbiltzea» erraz dezakeelako; eta, euskalgintza «indar handia eskatzen duen sektorea» izanik, «zilegitasuna» eman diezaiekeelako. «Txikiak gara, baina txikitasun horretan argitan jarriak izateak gure lanari balore bat gehiago ematen dio, motibazio gehiago ere segitzeko gure egunerokoan». Etorkizunari begira argi dute beti «aurrera proiektatu» behar dutela. «Hori da gure bide bakarra».
Publicidad
Óscar Beltrán de Otálora, Gonzalo de las Heras e Isabel Toledo
Patricia Rodríguez e Izania Ollo (Gráficos) | San Sebastián
Amaia Núñez, Josu Zabala Barandiaran y Kevin Iglesias
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.