Borrar
Urgente La carrera de Fórmula 1 con el campeonato en juego, en directo
Garbiñe Ubeda, liburuaren azala erakusten duen kartelarekin. J. E.

«Ez daukagu diskurtsorik gaurko gazteekin gure gaztaroaz aritzeko»

'Mehatxua' plazaratu du Garbiñe Ubedak, 80ko hamarkadan girotutako eta gazteei zuzendutako 'Lekukoa' saileko bigarren liburua

Nerea Azurmendi

DONOSTIA.

Astelehena, 11 azaroa 2019, 11:13

Comenta

Gazte modernoak Londresera joaten ziren garaietan, Frantziako aldiri galdu batera bidali zuen amak Larraitz uda pasa. 17 urteen bueltan ibiliko zen orduan Garbiñe Ubedaren (Ibarra, 1967) 'Mehatxua' liburuko protagonista, 16 baitzituen orain dela ia urtebete argitaratu zen 'Sasieskola' izenburukoan. Biok, datorren udaberrian argitaratzekoa den hirugarrenarekin batera, 'Lekukoa' trilogia osatuko dute.

Bildumaren izena ez ezik, gako-hitza ere bada 'lekukoa', institutuan piper egin eta lagun batekin mendi aldera joan zen goiz batean segada baten lekuko izateak ekarri baitzuen erabateko aldaketa Larraitzen bizitzara. Biharamuneko egunkariek 'Mueren tres terroristas en un tiroteo' tituluarekin eman zuten Larraitzek ikusitakoaren berri. Berak, ordea, bazekien bizitza hankaz gora jarriko zion gertaera egunkariek kontatutakoa baino konplikatuxeagoa zela, ikusi zuena ez baitzen 'tiroteo' hutsa izan.

Duela egun batzuk Garbiñe Ubedak Antxiñe Mendizabal editorearekin batera aurkeztu zuen bigarren liburu honetan, berriz, Larraitzek ikusiko du urruti joanda ere ezin zaiola ihes egin iraganari. Alde horretatik, telefonoaren beste aldean dagoenari «sabemos todo de tí. Como se te ocurra volver, te vamos a matar» entzuteak ez du zalantzarako tarte handirik uzten.

Hala ere, amak Nizan bizi ziren gaztetako lagun batzuen etxera bidaltzea erabaki zuenean mehatxuzko deia artean jaso gabe zegoen Larraitz. Amak bazeuzkan, alegia, alaba herritik urruntzeko beste arrazoi batzuk; esaterako, institutuko irakasle batekiko harremana, amaren begietara ez oso 'naturala'.

Gazteen begiradatik

Lehenaldian erabili behar dira aditzak Larraitzi gertatutakoak aipatzerakoan, iraganeko kontuak baitakartza Elkarrek gazteentzako bilduma bat idatz zezan eskatu zionean Ubedak sortu zuen istorioak. Orain arte argitaletxeak plazaratu dituen lehenbiziko bietan kontatu duenak bai, behintzat. Trilogiaren egitura aurretik finkatu gabe ari denez idazten liburuak, banaka-banaka, auskalo zer ekarriko duen hirugarrenak...

Aurreneko bi liburuetan islatzen den iragana Garbiñe Ubedarena eta bere belaunaldiarena ere bada. 1984an abiatzen zen kontakizuna lehen liburuan, Ubedak gutxi gorabehera Larraitzen adina zuen unean. Hala ere, ezin da konparazio automatikorik egin. Bi neraberen ama den idazleak aurkezpenean nabarmendu zuenez «orduko 16 urteak eta gaurkoak ez dira berdinak». Kazetaritzan, diseinuan eta literaturgintzaren beste arlo batzuetan ibilitakoa den Ubedak ez zituen garai gozoak aukeratu proiektua abiatzeko. Ondo pentsatutako erabakia izan zen haatik urte haietara bidaiatzea.

Batetik, arrazoi praktikoak medio egin zuen hautu hori. Aurretik gazteentzat idatzi gabea zen enkargua jaso zuenean, eta jarraitzen du «gazte literatura zer den oso argi eduki gabe». Horrenbestez, erronkari aurre egiteko modu egokia iruditu zitzaion «gazteen begiradatik idaztea». Zehazki, bera izan zen neska gaztearen begiradatik. Irakurle gazteen arreta erakartzeko eta horri eusteko ez ezik, gaurko gazteei urte haiek nolakoak izan ziren kontatzen saiatzeko.

Gabeziak transmisioan

1980ko hamarkada gogorra izan zen Euskal Herrian. Kasik hil berria zen Franco. Ezer ezin zen zihurtzat jo, eta oso astuna zen iragan hurbil ilun haren eragina. ETAren eta ETAren aurkako ekimenen boladarik gogorrenetakoa ere izan zen. Krisi ekonomikoak izugarri astindu zituen herri eta familia asko...

«Biolentzia handiko urteak izan ziren, baina biolentzia bakarra ez zen hitz hori entzuterakoan gogora datorkiguna. Etxeetan ere biolentoak ziren askotan harremanak, baita eskolan eta kalean ere. Larraitzen eta amaren arteko harremanetan igartzen da hori, besteak beste...», esan zuen Ubedak liburuetan arnasten den giroaz aritzean.

«Gaur egun, ordea, gure seme-alabei urte haien buruz zerbait esaten diegunean gehien harritzen dituena da ea nola moldatzen ginen mugikorrik gabe», adierazi zuen, transmisioan gabeziak izan direla onartuz. Ubedaren ustez, «ez daukagu diskurtsorik gaurko gazteei gure gaztaroari buruz hitz egiteko», besteak beste «babestu nahi izan ditugulako, badaudelako nola kontatu ez dakigun gauzak». Sail honetan, harrapatuko dituen irakurketa aurkitzeaz gain, hasiko dira gaurko gazteak ulertzen nondik datozen.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Ez daukagu diskurtsorik gaurko gazteekin gure gaztaroaz aritzeko»

«Ez daukagu diskurtsorik gaurko gazteekin gure gaztaroaz aritzeko»