'Dantza' filmari emango diote EZAE Saria

Filmeko fotograma/
Filmeko fotograma

Euskal zinemagintzari egindako ekarpenagatik hautatu du Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak Telmo Esnalen filma

DVDonostia

Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak (EZAE) Telmo Esnal zinemagilearen 'Dantza' filmari emango dio V. EZAE Saria, euskal zinema industriari egindako ekarpena eta pelikularen arrakasta, ibilbidea, kalitatea eta originaltasuna aintzat hartuz. Saria emateko ekitaldia irailaren 24an izango da, Donostiako Kursaalen, EZAEko iturriek jakinarazi dutenez.

Aurreko urteetan, 'Loreak', 'Amama' eta 'Handia' filmek eta Juanba Berasategi zinemagilearen senideek jaso dute saria, eta aurten, euskal zinema aretoen kudeatzaileek Telmo Esnalek zuzendutako filma saritu nahi izan dute. Mundu osoko hamar bat zinema jaialdietan proiektatu da 'Dantza', eta Donostia Zinemaldian Glocal in Progress Industriaren Saria eta Glocal in Progress Saria irabazi ditu, 2017an eta 2018an, hurrenez hurren.

Saria emateko ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, eta Alfonso Benegas eta Coro Odriozola EZAEko ordezkariek eta 'Dantza' filmeko lantaldeak parte hartuko dute.

Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea bertan izango dira; EZAEk Jaurlaritzarekin dituen hitzarmenen eta konpromisoen inguruan hitz egingo du Muñozek, Zinema Euskaraz programa eta 'Bidaiariak zinera!' kanpaina tarteko, bai eta martxan dauden proiektu berrien inguruan ere.

Temas

Euskera