Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Zinemagile frantsesa Zinebi
Claire Simon zinemagile frantsesak jasoko du Zinebiko bigarren Ohorezko Mikeldia

Claire Simon zinemagile frantsesak jasoko du Zinebiko bigarren Ohorezko Mikeldia

«Europako zine garaikidearen lengoaia eta narrazio eta estetika formak goitik behera berriztatzeko egin duen apustuagatik» hautatu dute

DV

Donostia

Jueves, 10 de octubre 2019, 13:58

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Bilboko Udalak antolatzen duen Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Claire Simon zinemagile frantsesari emango dio 61. edizioko bigarren Ohorezko Mikeldia, «Europako zine garaikidearen lengoaia eta narrazio eta estetika formak goitik behera berriztatzeko egin duen apustua» aintzatetsiz. Jaialdiko inaugurazio ekitaldian jasoko du saria Simonek, azaroaren 8an, 20:00etan, Bilboko Arriaga antzokian, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Etnologia ikasketak egin eta arabiera eta bereberera ikasi ondoren, Claire Simon (Londres, 1955) antzezle, argazkilari, gidoilari, muntatzaile eta zinemagileak modu autodidaktan hasi zuen zine ibilbidea. Lehenengo film laburra 'Madeleine' (1976) izan zen, eta haren ondoren etorri ziren 'Tandis que j'agonise' (1980) eta 'Moi, non où l'argent de Patricia' (1981).

Denbora gutxira, 'zine zuzena' delakoa ikasi zuen Jean Rouch-ek sortutako Varan lantegietan, eta zenbait film luze dokumental zuzendu zituen, besteak beste, 'Les patients' (1989), 'Coûte que coûte' (1995) eta 'Recréations' (1998). Lan horiekin zenbait sari lortu zituen nazioarteko hainbat zinemalditan.

'Sinon, oui' (1997) fikziozko bere lehen film luzea Cannesko Zinemaldiko Quinzaine des Realisateurs atalean proiektatu zen. Dokumentalaren eta fikzioaren artekoa da hurrengo lana, 'Ça c'est vraiement toi' (2000); Europar Parlamentu barruan filmatu zuen eta Belforteko (Frantzia) Nazioarteko Entrevues Zine Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen. Zine dokumentalera itzuli zen '800 kms de différence / Romance' (2000) eta 'Mimi' (2003) lanekin, eta biak Berlinalen aurkeztu zituen.

'Ça brûle' (2006) fikziozko bigarren film luzeak ere Cannesko Quinzaine atalean hartu zuen parte. Berriro ere dokumentalaren eta fikzioaren arteko lanetara itzuliz, 2008an 'Les bureaux de Dieu' zuzendu zuen, eta berriro hartu zuen parte Quinzaine atalean. 2008 eta 2013 artean asmo handiko fikziozko proiektu batean hartu zuen parte, 'Geographie humaine' eta 'Gare du Nord' lanek osatutako diptikoan, hain zuzen ere.

Saritutako film luze dokumentala

2014an Frantziako Officier des Arts et des Lettres izendatu zuten, eta 'Le concours' film luze dokumentala egin zuen. Berak irakasle gisa lan egin zuen La Femis ikus-entzunezko prestakuntza zentro ospetsuan ikasle gisa sartzeko hautagaien aukeraketa probak dira lanaren argumentuaren oinarria. Filmak Veneziako Nazioarteko Zinemaldiko Dokumental Onenaren Saria lortu zuen urte berean, eta Zinebiren 58. edizioko lehiaketatik kanpoko Beautiful Docs atalean ere hartu zuen parte.

2018an, Berlinaleko 68. edizioko Forum sekzioan estreinatu zen 'Premières solicitudes' dokumentala egin zuen, gaur egungo nerabeei dagozkien ohiko lekuak eta klixeak zalantzan jartzen dituen erretratu dibertigarri eta maltzurra. Bere filmografiak, orokorrean, «oso estilo eklektikoa eta hibridoa du, eta nabarmen erakusten du zine genero desberdinen arteko forma aldeko edozein oztopo mota gainditu beharra».

Aurten, ordu erdiko 18 kapituluk osatzen duten 'Le village' serie dokumentala egiteko lanak amaitu ditu. Zine dokumentalaren eta nekazaritzaren arteko erlazioari buruzko suspentse filma da, Frantziako Ardèche lurraldeko herri txiki batean girotua. Bilboko Institutu Frantsesaren lankidetzarekin, Zinebi 61en egingo da seriearen Estatuko aurkezpena, eta, horrez gain, zinemagileak klase magistral bat emango du bere jakin-min, sorkuntza prozesu eta zine garaikideari buruz duen ikuspegiari buruz, jendearentzat irekita, jaialdiaren lehenengo asteburuan, Bilboko Arte Eder Museoan.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios