ZINEMA

Karlos Linazasoro
KARLOS LINAZASORO

Ez dugu aste bakarra ere bakean pasatzen aspaldion. Atzo ere beste autobus bat hurbildu zitzaigun Altzetara. Laranja bixi-bixia. Pititoak eta pototak, halako zerbait jartzen zuen hitz larriz kanpoan leihatilen azpian, neskek hau eta mutikoek bestea. Zertarako iragarki bitxi hori? Schopenek eta biok ez genuen gauza handirik ulertzen, egia esan behar bada. Ataka beti irekita dagoenez, handik jaitsi zirenak ere gizalegez hartu genituen. Neska zatarrak ziren gehienak, eta orduan bota zuen gizaseme bizardun batek, harro bai harro: «Gure alderdiko neskatilak dira guztietan ederrenak, eta denek potota daukate!». Txalo egin zuten denek, vivalapatriaka. Oso gauza pollita iruditu zitzaigun ikuskizuna, eta Schopenek eta biok barre egin genuen. «Zure ardiek bezalaxe, ala, aitona? Harrek zakila eta emeek alua. Beste konturik ez dago hemen». Eta gero, bozgora: «Eta nola ibiltzen dira zure ardiak belazean? Harrak harrekin eta emeak emeekin! Behar den bezala! Bada, eskolan ere halaxe ibili behar lukete, gela batean mutilak eta bestean neskak!». Schopenek baietz egin zuen buruarekin, hala ibiltzen direla, baina elakrrekin ere bai, eta elkarrekin gusturago, goxoago, ea zertarako bereizi behar diren harrak eta emeak. Bizardunak lau tiro jo zituen orduan iskiluarekin, eta esan, ahobero eta arrandi: «Eta orain esanen dute hau eta beste, hau eta hura, eta noiztik da zinema artea? Noiztik da pelikula bat ertilan bat? Ezkertiar zikinak! Balleta bai, zezenketak bai, ehiza ere bai, musika klaseren bat ere bai nahi baduzu, baina zinea? Zinea pornografia hutsa da! Utikan psikalispia!». Arrazoia eman ezin baldin bada ere, guk arrazoia eman genion bizardunari. Nork egin behar zion kontra! Gero, berriz ere garrasi gordinka, etorri ziren bide beretik alde egin zuten, piperpotoak lau haizetara indarrez astinduz.