Oteizaren Arantzazuko eskultura-lanen urteurrena

Oteizaren Arantzazuko eskultura-lanen urteurrena
DV

Irailaren 21ean egingo dute ekitaldia, Arantzazuko Gandiaga Topagunean

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Aurten 50 urte betetzen dira Jorge Oteizaren eskultura-lanak Arantzazuko basilikako fatxadan jarri zirenetik. Horren harira, Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek antolatu duten oroitzapen-jardunaldira gonbita luzatu dute. Ekitaldia irailaren 21ean, larunbata, 11:00etatik aurrera izango da Arantzazuko (Oñati) Gandiaga Topagunea kultur zentroan.

Diziplina ezberdinetako adituek eskainiko duten mahai-inguruak emango dio hasiera jardunaldiari. Solaskide izango dira: Miguel A. Alonso del Val arkitektoa, Javier Gonzalez de Durana artearen historialaria, Juan Ignazio Larrea frantziskotarra eta Oteiza Museoko kontserbatzaile zein proiektuko arduraduna den Elena Martin. Guztien artean aztertuko dute Jorge Oteizak Arantzazun egindako lanaren garrantzia eta haren esanahi artistiko eta kulturala.

Jarraian, basilikan, Elena Martinek Oteizaren proiektuaren azalpen-irakurketa egingo du, Kukai Dantzaren emanaldiak lagunduta.

Kukai Dantza taldea

Kukai Errenterian sortu eta kokatutako dantza konpainia da; Jon Maya dantzari eta koreografoaren ekimenez sortu zen, 2001. urtean. Euskal dantza tradizionaletik abiatuta ikuskizun garaikideak sortzen ditu, beste arte jarduera zein dantza estiloekin elkarlanak bultzatuz.

Konpainiak 'Deiadarra' izeneko koreografia laburra aurkeztuz ekin zion ibilbideari. Ondotik, bere sormen proiektua lan ildo ezberdinetan sakonduz garatu du. Hala, Tanttaka Teatroarekin elkarlan estua du, eta 2002. urteaz geroztik proiektu eszeniko bereziak sortu ditu berarekin. 2008. urtean, nazioarteko koreografo garaikideak konpainiara gonbidatuz, ibilbide berri eta oparoa abiatu zuen konpainiak. Orduz geroztik, Marcos Morau, Cesc Gelabert, Sharon Fridman, La Intrusa Danza, Jone San Martin eta abarrekin batera hainbat ikuskizun sortu ditu. Halaber, nabarmentzekoa da Kukai Dantzak proiektu bereziak garatzeko erakusten duen gaitasuna.

Lengoai, espazio eta gertakari ezberdinei egokitutako sormenak burutu ditu zinema, moda, arte plastiko, arkitektura edota gastronomiarekin harremanetan. Ezin dira ahantzi musikari ezberdinekin egin ohi dituen kolaborazioak ere. Besteak beste, kolaboazio proiektuak landu ditu Oreka Tx, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Carlos Nuñez, Juan Mari Beltran, Iñaki Salvador eta abarrekin.