Kangding Ray techno mortuan
Bada gurean pelikula estrainio bat sarrera marka guztiak hausten ari dena. Iragan Cannes Jaialdian sari ugari eskuratu zuen. Garrantzi handi-handiko bi, epaimahaiarena eta soinu banda onena aitortzen, aldarrikatzen duen Cannes Soundtrack Award; ohore sekulakoaz gainezka den beste hirugarren bat, Frantziako Association des Cinémas d'Art et d'Essai delakoak eskaintzen duena, alegia. Laugarrena, berriz, bitxia da, xelebrea ere baina tradizio luzekoa: 'Palm Dog' du izena eta jaialdian aurkeztutako pelikuletan agertzen diren txakurren artean, lanik hobea edo ikusgarriena egiten duenari ematen zaio; kontuan hartzen da ere film horietako txakurraren presentziak duen eragina kontakizunean. Aurten, inork ez zuen dudarik izan, 'Sirat'en agertzen diren Jack Russell arrazakoa den 'Pipak' eta ehiza-txakurra den 'Lupitak' merezia zuten saria, beraz, eman zitzaien.
Lau ikur horiek eta jendearen, jendetzaren, harrerak argi eta garbi erakusten du Oliver Laxeren 'Sirat' giza fenomeno bat bilakatzen ari dela. Trantzean utzi zituen ikusleak Cannesen eta zorabioa eragin du gure etxe ondoko areto (ez hain) korrienteetan ikusten duen jendearengan.
Trantze, zorabio, bertigo horren eragile kasik nagusiak (ezin ahaztu irudiek daukaten indar deabruzkoa…) soinu banda eta soinua bera dira. Biek biltzen zaituzte zure baitan, biek harrapaturik, zure gorputza sumatzen duzu dar-dar bizi, sendo, lodi batean. Ezin duzu (ez duzu nahi ere) ihes egin. Mugarik ezagutzen ez duen Kynsie Serre dantzariak sortutako dantza techno-elektroniko horiekin bat egiteko beharra, grina, antzematen duzu zure barrenetan. Dantza egin hil arte, ze… heriotza badator, hobe dantzan harrapatzen bazaitu. Munduaren akabera iritsi hurren badago (igual aspalditik ari gara bizitzen gure unibertso txikiaren atzena eta ez gara oraindik ohartu…) hobe rave batean izatea, legez kanpoko, zibilizazio zibilizatuegitik at, zeru goienetara eta infernu behekoetara eramango zaituen pultsio elektroniko batean murgilduta
Musikak markatzen du bidea, bai. Norantz? Auskalo, infiniturantz. Harago ere. Eta musika hori Kangding Rayek sortutakoa da. Kanding Ray Frantzian jaio eta Alemanian bizi den David Letellieren izengoitia da. Bere sorkuntza lanetan enfasi berezia jartzen du abangoardiako soinu diseinuan eta soinu horrek duen errai-inpaktuan. Esploratzaile amorratua, biziki maite du soinuzko paisaiak marraztea. Gustuko du ere erantzun emozionala eragitea entzuleengan eta klubetako kultura mugaezinaren kide direnek ez diote musikaria deitzen 'musika-arkitektoa' baizik
Markaz fuerakoa da 'Sirat'-erako eraiki duen soinu-unibertso techno-trantze-elektronikoa, pelikula bukaturik ere, zure barruan islatzen dena. Kolpeka. Kolpe gogor-gozoz.
Marka guztiez kanpokoa ere mortuak berak sortzen dituen soinuak jaso, diseinatu, nahasi dutenen lana. Aipatu beharrekoak dira teknikari eta artista harrigarri horiek, Laia Casanovas, Amanda Villavieja, Yasmina Praderas…
Zinemak hitza eta soinua eskuratu zituenean, artista franko kontra azaldu ziren penaturik. Jean Cocteauren edo Charles Chaplinen beraren aburuz zinema irudia zen, begiekin dastatzeko arte berria. Belarriekin jasoz gero, akabo magia eta misterioa. Urteen bueltan, 'Sirat'-ek ederki frogatu du zeinen erraturik zeuden.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.