'Ilargi guztiak', bizitzaz eta beldurraz hitz egiten duen drama fantastikoa
Igor Legarretaren bigarren film luzea, XIX. mendean girotutako banpiro istorioa, euskaraz errodatua, gaur zortzi estreinatuko da
miren imaz
Ostirala, 7 maiatza 2021, 11:01
Azken urteko bide malkartsua burutzear da 'Ilargi guztiak', Igor Legarreta zuzendari bilbotarraren bigarren film luzea, maiatzaren 14an estreinatuko baita. Kasu honetan, zilegi da 'azkenean' esatea, aurreko estreinaldi-saioak bertan behera gelditu baitira. Hain zuzen ere otsailaren 28an zen pantailetara heltzekoa, baina ezin izan zuen azken urrats horri egin, hobera bidean egotea espero zen osasun egoerak okerrera egin zuelako.
Iazko udaberriko konfinamenduaren ostean Euskal Herrian filmaketari berrekin zion lehen filma izan zen 'Ilargi guztiak', osoki euskaraz errodatua. Banpiro istorio gisa aurkeztua izan da, eta banpiroak egon badaude filmean, baina zuzendariak nabarmendu du ez dela beldurrezko istorio bat, nahiz eta beldurraz hitz egiten duen: heriotzaren aurreko beldurraz, bizitzaz, hilezkortasunaz...
Honen aurretik, 2018an, 'Cuando dejes de quererme' zuzendu zuen Legarretak istorio fantastiko bat baliatu du gogoeta horiek bideratzeko, eta III. Karlistaldiaren amaieran girotu du. Bonbardaketa baten ondorioz larriki zaurituta hilzorian dagoen neskato bat (Amaia, Haizea Carnerosek interpretatua) erreskatatuko du basoan bizi den emakume misteriotsu batek, Itziar Ituñok gorpuzten duen izenik gabeko pertsonaiak alegia. Bere ondoan jarraitzearen truke, hilezkortasuna oparituko dio.
Emakumea ez da, alegia, neskatoak uste duen aingerua, eta betiko bizitzea ere ez da oparia, kate astuna izan baitaiteke. Amaiaren patua Kandido (Joxean Bengoetxea) ezagutzean aldatuko da, etxean alaba balitz bezala hartuko duen gizonezkoarengandik jasoko baitu aurrera jarraitzeko eta bere jatorrizko izaera berreskuratzen saiatzeko laguntza. Zorion Egileorrek (On Sebastian) eta Lier Quesada mutikoak osatzen dute aktore nagusien laukoa.
Gidoia Jon Sagalárekin batera idatzi duen zuzendariak berak honakoa idatzi du filmaz: «'Ilargi Guztiak. Todas las Lunas' kondena baten istorioa da. Betiko bizi behar izatearen kondena. Gizakiaren ametsa, baina gizakiaren beraren izatearen aurkakoa. Kondenatu baten istorioa. Lapurtu dioten heriotzaren bila ibili beharko du bizitzan zehar, noraezean. Horrela, bidaia luze bat hasiko du bere egoera onartzeko: bizitza prozesu konplexu eta ustekabeko baten moduan onartzea, heriotzak berak bakarrik eman baitiezaioke perspektiba. Azken batean, bizitza eta heriotza banaezinak baitira».
Banpirismoaren mitoa hartu du abiapuntu, baina 'Ilargi Guztiak' ez da beldurrezko filma. Izan ere, «kontakizun erromantikoa, drama fantastikoa da. Gogoeta egiten du bizirauteko, transzendentzia eskuratzeko dugun desiraz, erlijio gehienek gizakiok fedeari emandako bizitzaren truke eskaintzen duten altxor preziatu horretaz. Izatearen itzalak urrundu eta heriotzaren aurreko beldurretik babestu nahi gaituen oparia da».
Paisaiaren garrantzia
Filmaren errodajea 2020ko otsailaren 17an hasi zen Mutrikun (Gipuzkoa), eta Gipuzkoako beste herri batzuetan (Gaintza, Artikutza, Zizurkil), baita Bizkaian (Orozko, Gallarta, Erandio) eta Nafarroan (Erratzu, Urbasa eta Leurtzako urtegiak) garatu eta burutu zen. Hasi eta lau astera eten egin behar izan zuten lana, COVID-19aren krisiak eragindako salbuespenezko egoera zela eta. Itxialdia, edonola ere, baliatu zuten filmaren muntaketan aurrera egiteko eta ekoizpena berrantolatzeko. Ekainaren 1ean hasi zen bigarren errodaje-fasea, eta hilaren 20rako amaituta zegoen.
Bistan da toki bereziak aukeratu zituztela errodajerako, baso eta landa girokoak batik bat, garrantzi erabatekoa baitu pasaiak filmean. Legarretak dioenez, alegia, «filma errodatzeko aukeratutako parajeak ere filmaren beraren pertsonaiak dira. Kokalekuek eszenaratzea aberasten dute, kontakizunari eite magikoa ematen diote, eta, gainera, kobazuloek, mendiek eta basoek pertsonaien mapa emozionala eta munduan duten lekua hobeto ulertzen lagunduko digute». Pascal Gaigneren musikak ere egingo dio ohiko ekarpen bikaina kontakizunari eta filmaren giroari.
'Ilargi Guztiak' Arcadia Motion Pictures, Kowalski Films, Pris & Batty Films eta Ilargia Films ekoizpen-etxeen filma da, eta Noodles Production (Frantzia) ekoizpen-etxearekin batera koproduzitu dute. Partaide izan dira EiTB, RTVE eta Vodafone, eta ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketa jaso du. Filmax arduratuko da Espainian banatzeaz eta nazioarteko salmentaz.