

Secciones
Servicios
Destacamos
Hil egin behar zuela, behar zutela, bazekien. Izan ere, munduarekin bere argazkiak partekatzeko erabiltzen zituen sareetan honela mintzo zen hil baino urte lehenago: «Nahi dut nire heriotzak oihartzuna izan dezan. Nahi dut nire herioa durunditsua izatea. Ez dut nahi zenbaki bat baino besterik ez izan, besteen gorpuzkiekin batera lurperatzen diren hondakinak izatea nireak. Nahi dut munduak entzungo duen herioa. Nahi dut nire akaberak mendeetan zehar iraungo duen eragina izatea. Nahi dut utzi ez Denborak ez Espazioak lurperatuko dituzten irudiak».
Bazekien hil behar zuela, hil behar zutela. Eta hil egin zen. Hil egin zuten. Gazan jaio zen. Gazan bizi zen. Gazan atera zituen Instagram, Facebook eta beste sareren bitartez milaka jendek ezagutu izan dituen bere argazkiak. Ez zuen inoiz bidaiatu. Hain zuzen ere, Canneseko Zinemaldirakoa izango zen bere lehen bidaia. Hil baino lehen ari zen hartarako baimen eta agiri beharrezkoak kudeatzen.
Argi zuen, baina, ez luke asilo eskatuko Frantzian. Gazara itzuliko zen, bertakoa zelako eta bertako triskantza kontatu nahi ziolako munduari. Bere argazkien bidez.
Fatma Houssana zuen izena, 25 urteko argazkilaria. Apirilaren 16an hil zuten. Gazan. Gerrak sarraskitua familia zen berea. Bizirik zirauten gutxi horiek etxea suntsitu zuten bi suziri israeldarrek akabatu zituen bera erail zuten eraso berean.
Fatma Houssana zuen izena eta 'Put Your Soul on Your Hand and Walk (Hartu ezazu zurea arima eskuan eta ibil zaitez)' izenburuko dokumentalaren protagonista da.
Cannesen Zinemak zauritu batzuek urtero antolatzen duten ACID izeneko programazioan parte hartzeko hautatua da Sepideh Farsiren zeluloidezko pieza hori. Ez da zinemarako atzo jaiotakoa Sepideh. Badu eskarmentua, bada konpromiso politiko handiko familia baten alaba. Gaurko Irango gobernuak debekatu ditu bere film guztiak. Atenasen eta Parisen bizi da, irakasle. 2023an Berlinen 'La sirène' film bereak Berlinaleko Panorama saila ireki zuen eta Australiako Gold Coast jaialdian animazio onenaren saria jaso.
Sepidehek ere bazekien Fatma hil behar zuela, hil behar zutela. Canneseko Alexander III antzokian estreinatuko den filma egin ahal izateko, egunero konektatzen zen Fatmarekin. Telefonoz, bideoz, whatsappez, instagramez. Fatmak bidalitako argazkiak jasotzen zituen Sepidehek eta zinema bilakatu.
Bada muturreko baldintzetan lan egiten aditua Locarno festibalean epaile izandako zinemagilea, FIPRESCIren sari ohore osokoa duena. Bere 'Teheran Without Permission (Teheran baimendugabea)' Nokia telefono batez filmatu zuen 2009an, gobernuak ez baitzuen inor uzten pelikulak egiten Teherango kaleetan… Ikaragarria da Sepidehen proposamena, hiri sekretu bat erakusten du garratz eta basa. Baita umore ozpinduz eta alaitasun gris kolorekoaz.
Bazekiten biek Fatmak hil behar zuela hil behar zutela. Egunero, konektatu garaian, Sepideheri estutzen zitzaion arnasa eta beldurrak bihotza estali, izango ote zen Fatma telefonoaren, ordenagailuaren, bestaldean?
Bere argazkiekin, bere instagrameko storyekin, bere komentarioekin osatu du Farsik 110minutuko dokumentala, Cannesen ikusiko dena. Ez da konpainia txarrean izango, ez horixe; hona hemen Farsiz landa ACiDeko programazioaren beste zuzendariak. Bai, egia, ez dira Canneseko alfonbra gorria zapaltzen duten horietakoak baina zeluloidea dute zainetan eta arriskuak hartzen badakite ederki: Romain André, Camila Beltrán, Sonia Ben Slama, Bernard Cerf, Lana Cheramy, Mona Convert, Jan Gassmann, Pascale Hannoyer, Julien Meunier, Nicolas Peduzzi, Benoît Sabatier, Idir Serghine, Clara Teper, Pamela Varela.
Bildu ziren Parisen ziento bat gerra argazkilari, ziento bat kazetari, ziento bat palestinar deserritu Fatma Houssanaren omenez. Egin zuten oihu, egin zuten negar. Egin zuten promesa: jarraituko dute informatzen, argazkiak ateratzen, sareetan barne zintzilikatzen.
Bitartean, Sepideh Farsi erabaki handi bat hertzekotan da, aldatuko du orain bere 'Put Your Soul on Your Hand and Walk'? Egingo al du muntaketa berria, zati digitalez egindako zeluloidean Fatmaren heriotza jasota gera dadin?
Nahi zuen Fatmak oihartzun handia izango zuen herioa. Nahi zuen munduak jakin zezan hil behar zutela. Nahi zuen Denbora eta Ahanztura gainditu.
Non hobe planetako zinemaldirik handienean baino? Hil zuten Fatma baina ez dute ez suntsitu ez ezabatu. Beti izan baita zinema hiltzaileen salatari gardena, ez isilik, ez itsu geratzen ez dena.
Publicidad
Miguel González | San Sebastián y Oihana Huércanos Pizarro
Beatriz Campuzano | San Sebastián
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.