Euskal zinemagintzaren berrikusketa egingo dute ekaina bitarte Edinburgon

Euskal zinemagintzaren berrikusketa egingo dute ekaina bitarte Edinburgon

Etxepare Euskal Instituak, 'Edinburgh International Film Festival' zinemaldiaren laguntzarekin, euskal zinemaren atzera begirakoa antolatu du

EL DIARIO VASCO

Etxepare Euskal Institutuak sustaturiko Scotland Goes Basque programaren baitan Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen ekimenen artean euskal zinemaren titulu aipagarrietako batzuk berrikusiko dituzte ekaina bitarte Edinburgo eta Glasgoweko hainbat aretoetan.

'Tasio' filmetik hasi eta 'Oreina' pelikularaino, euskal zinearen garapena islatzen duen bilduma bat aurkeztuko da Eskoziako bi hiri nagusietan, hiru belaunalditako zinemagileen ikuspegia hizpide hartuta. Fikziozko lanek, dokumentalek, film laburrek eta animazio esperimentaleko piezek osatuko dute atzera begirakoa, eta horien inguruan bestelako hainbat jarduera izango da.

Egitarau osoa aurkezteko ekitaldia datorren asteartean izango da, apirilaren 30ean, Bilboko Arte Eder Museoan. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Puy Oria zine ekoizleak eta Montxo Armendariz, Koldo Almandoz, Begoña Vicario eta Iban del Campo zinemagileak bertan izango dira.

Scotland Goes Basque ekimenaren helburua da zubiak eraikitzea euskal zein eskoziar kulturen, artearen eta hizkuntzen artean, eta oraingoan euskal zinearen bitartez bilatuko da xede hori. CinemaAttic plataformaren eta Edinburgh International Film Festival —EIFF— jaialdiaren baitan eskainiko da atzera begirakoa.

Edinburgh International Film Festival Erresuma Batuko nazioarteko zine jaialdi nagusiena bihurtzeko asmoz sortu zen 1947an, International Festival of Documentary Films izenburupean. Egun, Centre for the Moving Image erakunde nazionalaren baitan antolatzen da, Eskozian zine industria sutsu eta arrakastatsua garatzeko abangoardian dagoen erakundea. Jaialdi horrek sinesten du zinea ikusteak, egiteak eta ulertzeak bizitza eraldatzeko duen gaitasunean. Hortik abiatuta, zinemaren inguruko ideia berriak aztertzen ditu eta bertako eta nazioarteko ikusleei emankizun, dokumental, film laburrak eta zine esperimentala uztartzen dituen programazio anitza eskaintzen die, talentu berriengan arreta berezia ipinita.