

Secciones
Servicios
Destacamos
Badira beste hamaika kondaira, ziento bat azalpen mitologiko, Denbora existitzen ez zen denboretara garaman ahozko literatura fantasia ederrez jantzia eta gainezka. Badira erregina braboak herria libertaterantz eramaten dutenak. Badira erromatarren garaietara eramaten gaituzten kontakizunak. Baita Orreagan baskoek garaitu zuten Roldan haren gaineko aipuak ere.
Mila modu daude Kalifornia lurraren izenaren esanahia argitu ahal izateko. Ahal edo, bederen, konprenitzen saiatzen ahal izateko.
Artikulu hau aurrera eraman nahian gehien komeni zaiguna, gehien konbentzitzen gaituna, hauxe: Kalifornia hitza latinetik dator eta «labe beroa» nahi bide du esan. Horrela bataiatu zuen Hernán Cortések berak hara ailegatzerakoan 1535 urtean.
Bost mende igaro dira kasik eta adiera hori buruan badugu, Amerikarentzat triste samar diren egunotan askatasunaren bandera izaten jarraitzen duen lur hartan, non hainbeste film egin eta kokatu diren, non milioika lagunek urrearen bila jardun zuten itxaropentsu edo desesperoan, izan diren sute ikaragarriek ez dute inor ustekabean hartu behar. Izan ere, klima aldaketak lagundurik, erraz zabaltzen da sua labea bezain beroa den eremu batean. Ez da ez aho zabalik ez zur eta lur geratzerik.
Dena suntsitu du suak Kalifornian. Baita Arnold Schoenberg musikariaren ondareko ziento, mila partitura. Arnold Schoenbergek musikaren zentzua aldatu zuen errotik XX. mendean, dodekafonismo sistema atonala sortuz eta garatuz. Bere musikaren zati handia dago digitalizatua Vienan, bai, baina sortzailearen ondorengoek Kalifornian gordetzen zuten oro (baita segurtasun-kopiak ere) suntsitu zuen suak. 83 urteko Larry bere semeak duen argitaletxeak mailegu utzi ohi zizkien partitura horiek munduko orkestra hainbat eta hainbati. Baita ikertzaile eta adituei ere. Suak desagerarazi duena ez du inork berreskuratzerik. Labe beroan zelako altxor hori.
Schoenbergen herentzia galtzeak kultura kalte izugarria izan da. Suak ez du errukirik, ez kulturarekin ez ezerekin ez inorekin librea baita, mendekaitza, kontrolaezina. Erraustu ditu Harrison Forden, Mila Cyrusen, Mel Gibsonen luxuzko etxeak. Erraustu ere egun denon ahotan den 'The Brutalist' zinema puska ezin besarkatuzkoan parte hartzen duen Adrian Brodyrena.
Hain da mugarik gabekoa suaren ahalmen birrintzaileak ze Oscar sarietarako izendapenak atzerarazi zituen ez baitzen Hollywooden ez animorik, ez gogorik festarako. Ez zen egokia ere. Zuzena ere ez.
Iragan ostegunean eman ziren jakitera lehia horretan parte hartuko duten izenak. Horra hor aipatu berri 'The Brutalist'. Horra hor gure karteldegian dauden bi film marka guztiez fuerakoak, 'La semilla de la higuera sagrada' eta seko txundituko zaituzten Letoniatik datorren 'Flow' animaziozkoa.
Horra hor 'Emilia Pérez' garaiezina; sasi guztien gainetik, hodei guztien azpitik, jarri dizkioten tranpa, segada guztietatik salbo (ezer ulertu barik bere kontra dihardute, alferrik eta tontamentean, Mexikon, non herrialdearen miseriak pantailaren ispiluan ikusteak min egiten duen, eta LGTBIQ+ mugimenduaren garbitzaileen artean sasiko puruenek, ez baitute omen ontzat ematen bertan agertzen den trans emakumearen erretratua nahiz eta, ederki dakizuen legez, aktore trans batek antzeztua izan).
13 izendapen lortu ditu. Haien artean, abestirik onenarena. Pelikula ez baduzue oraindik ikusi, entzun ezazue, behintzat, 'El mal'. Sarean duzue. Mundiala da.
Kalifornia, labe bero zeluloidezkoa. David Lynch hil zen egunean sua zegoen bere etxearen hurbil. Ez da harritzekoa. Ez al zuen berak 'Fire Walks With Me' (Nirekin –nire ondoan- dabil sua, alegia) filmatu eta sinatu?
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
El pueblo de Castilla y León que se congela a 7,1 grados bajo cero
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.