'Between Goodbyes' dokumentalak irabazi du Zinegoak jaialdiaren sari nagusia
Adoptatutako pertsona queer batek Herbehereetatik Koreako jatorrira egindako bidaia kontatzen du Jota Mun zinemagilearen filmak
DV
Martes, 1 de julio 2025, 13:04
«Erromantizismoa eta nazioarteko adopzioaren idealizazioa desmuntatzeagatik eta protagonistek aurrean dituzten ondorio emozionalak erakusteagatik» lortu du Jota Munen 'Between Goodbyes' ikus-entzunezkoak Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak 2025eko edizioaren sari nagusia. Epaimahaiak Mónica Taboada Tapiaren 'Alma del desierto' dokumentala ere nabarmendu du.
Maike izeneko queer pertsonaren istorioa kontatzen duen ikus-entzunezkoaz «pertsona adoptatu baten jatorrirako bidaia gogor eta sendagarri bat kontatzeko erabiltzen den trebetasun eta edertasunagatik. Esperientzia intimo eta pertsonal batetik abiatuta, adopzio transnazionalek zeharkatutako kolektibo oso baten historia kontatzen» duela nabarmendu du ebazpenak. Sari Nagusiarekin doazen 4.000 euroak lortu ditu, baita Lesbianismo eta Genero saria eta honen 1.500 euroak, Bilboko Udaleko Berdintasun Arloak babestua.
Ildo berean, Mónica Taboada Tapiaren Alma del desierto lanaz hau esan du: «Trans emakume baten borrokaren erretratu eder eta hunkigarria egiteagatik, sistemak aitortua izateko eta, horrela, bere oinarrizko eskubideak erabili ahal izateko. Nazio indigenek eta hizkuntza-komunitate minorizatuek pairatzen dituzten bazterketa-modu desberdinak azaleratzeagatik».
Bestelako sariak izan dira Rohan Parashuram Kanawaderen 'Sabar Bonda' FIK kategorian, Bernardo Florim eta Maju de Paivaren 'Avenida Beira-Mar' filmari aipamen berezia; narratiba berriekin lotutako KRAK sailean, Santiago Posadak zuzendutako 'Brigitte, Planeta B' lana gailendu da eta aipamena berezia Maja Classen zuzendariaren 'Truth or Dare' lanarentzat izan da; publikoaren saria eta honen 1.000 euroak Angel Morales Ballestaren 'Arrecife' film-laburrak bereganatu ditu eta epaimahai gaztearen saria Amélie Hardyren 'Hello Stranger' filmarentzat izan da.
Epaimahai seniorrak, bestalde, Nuria Vil eta Alba Dominguezen Delincuente film laburra saritu du, Euskal Aktoreen Batasuneko epaimahaia Sandbag Dam-en 'Lav Novosel' filmari eman dio Fikziozko Film Luzeen Interpretazio Protagonista Onenaren saria; Antzezpen Sekundariorik onena 'Avenida Beira-Mar' filmeko Isabel Teixeira aktoreari.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.