Arantza Santestebanen '918 gau' filma hasi da zinema aretoetara iristen
Donostiako Zinemaldian izan ondoren, Errenteria, Bilbo eta Gasteizko hiru aretotan estreinatuko da asteburu honetan, eta areto gehiago iragarriko dituzte hurrengo egunetan
m. imaz
Larunbata, 1 urria 2022, 13:02
'918 gau', Arantza Santestebanen historialari, zinemagile eta ikertzaile iruindarrarren lehen film luzea, Euskal Herriko hiru-zinema aretotan ikusi ahal izango da asteburu honetan. Izan ere, Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioan parte hartu ondoren, Errenterian (Niessen Zinemak), Bilbon (Multicines) eta Gasteizen (Gorbeia Zinemak) aurkeztuko da, eta Bartzelonan, Madrilen, Palma Mallorcakoan, Valladoliden eta Galizian ere estreinatuko da. Aurreratu dutenez, «datozen egunetan filma ikusteko areto berriak iragarriko dira».
2019az geroztik zinemagintzaren irudikapenari, feminismoari eta euskal gatazka politikoari buruzko ikerketa batekin Lisboako Arte Ederren Unibertsitatean doktoregoa prestatzen ari den Santestebanen lehen luzemetraiaren abiapuntua esperientzia pertsonal bat da. Izan ere, 2007ko urriaren 4an atxilotu eta espetxeratu egin zuten. 918 gau giltzapetuta eman eta gero, aske geratu zen, eta «handik aurrera, grabagailu batean jaso zituen bere oroitzapenak eta zalantzak, eta filmean zehar azalduko zaizkigu, memoria zatikatu baten eran». Filma 2019 eta 2020ko hainbat hilabetetan garatu zen. Denbora horretan, zinemagilearen artxiboa filmatu zen, haren biografiako leku garrantzitsuak bisitatu ziren, Segura edo Berlin kasu, eta espazio batzuk birsortu ziren.
«Garrantzitsua iruditzen zitzaidan aktibismo politikoei buruzko istorioen gainean eratzen diren kontakizun erromantizatuak zalantzan jartzea»
arantza santesteban
Zuzendariaren hitzetan, «narrazio zatikatu honek kolektibitatearen zentzuaren galera eta bizitza berri baten saiakera ekartzen ditu gogora. Pertsonaiak soslaiz agertzen dira beti, eta hori ez da kasualitatea. Ez da aurrez aurre begiratzen duen begirada bat, baizik eta begirada ezegonkor bat, saiheskakoa, eta horrek tolestura ugariko narrazio ibiltari bat sorrarazten du. Garrantzitsua iruditzen zitzaidan aktibismo politikoei buruzko istorioen gainean eratzen diren kontakizun erromantizatuak zalantzan jartzea. Kontatu nahi izan dudan istorioak, kontakizun heroiko bat hauspotzeaz harago, subjektu politizatuak irudikatzeko ohiko logiketatik ihes egin nahi du».
Idazle, zuzendari eta aktore
Euskaraz filmatu den eta 65 minutuko iraupena duen filma Santestebanek berak idatzi eta zuzendu du, eta aktore gisa ere hartu du parte. Zuzendari laguntzailea Irati Gorostidi da, eta Maddi Barberrek sinatu du da argazki zuzendaritza, Mariona Solék muntaia eta Alazne Ameztoyk zuzeneko soinua. Iker Álvarez zuzendaritza artistikoaren arduraduna da eta Marian Fernández Pascal eta Marina Lameiro dira ekoizle exekutiboak. Aktoreen artean Arantza Santesteban bera, Mirari Echavarri, Mercé Salom, Manon Praliné eta Maryann Peony daude.
Pantaila komertzialetara iritsi aurretik ibilbide bikaina egin du Txintxua Films-en ekoizpenak: Film Onenaren Publikoaren Sari Berezia eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso ditu Punto de Vista, Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren 16. edizioan; DocLisboako Nazioarteko Saileko Film Onenaren saria; Torino Film Festivaleko Nazioarteko Dokumental Onenaren saria; eta Pontevedrako Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdiko Latexos saria. Horrez gain, Uruguaiko 40. Nazioarteko Zinemaldi Zinematografikoko Nazioarteko Film Luzeen Panorama sailean parte hartu du filmak; Azkuna Zentroko Zinematekak antolatutako 'Aldaketaren Ahotsa' zikloan; 37. Municheko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko 'DOK.guest Spain Sol y Sombra – Land of Sun, Land of Shadow' zikloan; Errumaniako One World Giza Eskubideen eta Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian; L'Alternativa Bartzelonako Cinema Independent Jaialdian; eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian.