Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra, 11 film euskaraz

Gipuzkoari dagokionez, Donostiara eta Errenteriara iritsiko da aurten Zinegabonak programa

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Zineuskadiren bidez, Zinegabonak zikloa antolatu du aurten ere, EiTBrekin eta EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkartearekin batera. Programa honek, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean, 11 pelikula eskainiko ditu euskaraz haurrentzat. Zikloa indarberrituta dator edizio honetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko sei aretotara iritsiko da: Multibox aretoak – EiTB (Bilbo), Donostiako Príncipe aretoak, Errenteriako Niessen aretoa, Amorebietako zinema-aretoa, Iruñeko Golem Baiona aretoak eta Urruñako (Lapurdi) Itsas-Mendi zinema-aretoa. Aurten, gainera, Zinegabonak programak bi pelikula eskainiko ditu Barakaldoko BECen antolatzen den Gabonetako PINean. Eusko Jaurlaritzak, EiTBk eta EZAEk gaurko hitzordua aprobetxatu nahi izan dute 2019ari begira Zinema Euskaraz programaren berrikuntzez ere hitz egiteko, oso hazkunde esanguratsua izaten ari baita ekimena.

Zinegabonak zikloa asteazkenean, abenduak 26, hasiko da Multibox-EITB aretoan, 'stop motion' teknika oinarri izango duen tailerrarekin. Tailerra Donostian, Errenterian eta Zornotzan ere eskainiko dute eta, tokiak osatu arte, adin guztietako gazteek parte hartu ahal izateko moduan diseinatuta dago. Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da 7 urte baino gutxiagokoak heldu batekin batera joatea.

'Stop motion' argazki-hartualdi jarraituetan oinarritutako filmatze-teknika da. Plano bakoitza aurrekoarekiko zertxobait aldatzen da eta, hala, animazio baten ilusioa sortzen da. Marrazki bizidunetan eta plastilinazko edo material moldagarriekin sortutako panpinekin egindako film laburretan ikus dezakegu hori, adibidez. Teknika horren ezaugarri zirraragarriena honako hau da: parte-hartzaileak ez daki emaitza zein izango den amaituta ikusi arte. Tailerra garatzeko beharrezko materiala Zineuskadik eskainiko die parte-hartzaileei zinema-aretoan bertan. Tailerren prezioa filmetako berbera izango da: saio bakoitzeko euro bat.

Gainerako programazioari dagokionez, nabarmendu beharrekoa da familia osoarentzako filmak direla. Hala, adin ezberdinetako ikusleek aisialdiaz euskaraz gozatu ahal izango dute lan hauekin: Maya Erlea: ezti-jokoak (Australia, 83'), Harpetarra (Erresuma Batua, 90'), Albert (Danimarka, 80'), Richard Zikoina (Alemania, 80'), Sagu eta Pagu (Turkia, 88'), Igelen Erresuma (Txina, 86'), Leo Da Vinci: Mona Lisa Misioa (Italia, 120'), Axel heroi txikia (Txina, 80'), Iparraldeko Norman (AEB, 66') eta Olentzero eta Amilaren sekretua (Euskadi, 70').

Programazioari dagokionez, honako hauek dira Gipuzkoako jarduerak:

Príncipe zinemak, Donostia

Ostirala, abenduak 28, 11:30 - Stop motion tailerra

Larunbata, abenduak 29, 11:30 – Maya Erlea: Ezti-jokoak

Igandea, abenduak 30, 11:30 – Igelen Erresuma

Niessen zinemak, Errenteria

Osteguna, abenduak 27, 11:30 - Stop motion tailerra

Larunbata, abenduak 29, 11:30 – Harpetarra

Igandea, abenduak 30, 11:30 – Leo Da Vinci: Mona Lisa Misioa