'Igelak', fikziozko film onena Zinemaldia.Cat jaialdian

'Igelak' filmeko irudia. /
'Igelak' filmeko irudia.

'Paris. Paperezko Ahotsak' eta 'Gutik zura' lanek ere eskuratu dituzte Urrezko Txapelak Kataluniako Euskal Zinema jaialdian

EL DIARIO VASCO

Otsailaren 9an hasita, hilaren 25era arte ari da egiten Bartzelonan Zinemaldia.Cat, Kataluniako Euskal Zinema jaialdiaren hamabigarren edizioa. Catalunya Film Festivals-en barruan dagoen zinemaldiaren helburuetako bat topikoak haustea da: Euskal Herrian egiten den zinema ez da soilik euskaldunei buruzkoa eta euskaldunei zuzendua, mundu osoko txoko ezberdinetara iristen delarik. Aurten ere hori da erakusten Cinemes Girona aretoetan egiten ari den zinemaldiak. Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen du, Etxepare Institutua, Azkue Fundazioa, Eusko Jaurlaritzako Turismo Saila edota La Salve garagardoen laguntzarekin.

Bart, igande gauean, hiru filmek eskuratu zituzten zinemaldian errekonozimendu nagusi gisa ematen diren Urrezko Txapelak. Patxo Telleriak zuzenduriko 'Igelak' filmak Zinemaldia.Cat jaialdiko Fikzio Lanik Onenaren Urrezko Txapela jaso zuen. Dokumental Sailean, berriz, Estibaliz Urresolaren 'Paris. Paperezko ahotsak' izan da garaile. Azkenik, Jon Maiaren 'Gutik zura' lanak jaso du Euskarazko Lanik Onenaren Azkue-Fundazioa Urrezko Txapela.

Aurtengo epaimahaia Toni Vall (kazetaria), Anna Solanas (I+G Stop Motion), Biel Duran (aktorea), Betsy Túrnez (aktorea) eta Dani de la Orden-ek (zuzendaria) osatu dute. Urrezko Txapelak Cinemes Girona aretoetan banatu ziren Zinemaldia.Cat jaialdiaren amaiera ekitaldian. Hala ere, egitaraua ez da erabat itxiko hilaren 25era arte. Datorren larunbatean, hain zuzen, honezkero sarrera guztiak agortuta dituen Gatiburen kontzertua izango da Bartzelonan.