Canneseko Mipcom azokan izango da aurten ere EAEko ikus-entzunezkoa

Mipcom-en aurreko edizio bat./
Mipcom-en aurreko edizio bat.

Basque Audiovisual markapean joango dira enpresak, euren produktu eta proiektuak erakustera eta nazioartean zabaltzen saiatzera

Mipcom ikus-entzunezkoen azokaren edizio berri bat egingo da Cannesen urriaren 15etik 18ra, eta, aurten ere, hainbat euskal enpresa bertaratuko dira Basque Audiovisual markapean. Ekitaldia sektorea nazioartekotzeko plataforma garrantzitsua da, eta, hori dela eta, Eiken eduki digital eta ikus-entzunezkoen euskal klusterraren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadi plataformaren babesa eta laguntza dute enpresok.

Etxepare Institututik jakinarazi dutenez, entretenimenduzko edukien munduko azoka garrantzitsuenetakoa da Mipcom eta nazioarteko eragile nagusien topagunea izaten da lau egunez. Mundu osoko ekoizle, banatzaile eta erosleekin harremanak egiteko aukera eskaintzen du topaketak, euskal enpresek sortutako eduki eta formatuak nazioarteko bihurtzea ahalbidetuz. Halaber, ezinbesteko hitzordua da sektorearen joera berrienak ezagutzeko eta telebistarako mundu mailako estreinaldiak erakusteko.

Aurten, Baleuko, Brisney, EiTB, Expressive Media Project, J.O.K. Films, Pausoka Entertainment, Prime Time Media eta Laniakea izango dira Basque Audiovisual gunean egongo diren euskal enpresak, eta aurkezten dituzten animazio produktu, dokumental, film, formatu eta multimedia produktuak azokan banatuko den Basque Audiovisual katalogoan jasoko dira. Halaber, Eiken klusterra eta Etxepare Institutua ere bertan egongo dira, nazioarteko harremanen sarea indartu eta euskal enpresentzat negozio aukerak sortzeko helburuarekin.

Canneseko azokan parte hartzeak aukera eskaintzen du euskal produktuak saldu, ekoiztu, ezagutzera eman eta nazioarteko bihurtzeko, eta ahalbidetzen du beste herrialdeetako sortzaile, ekoizle, banatzaile eta ikus-entzunezko eta eduki digitalen balio kate osoan parte hartzen duten profesionalekin bat egitea. Hori dela eta, Eiken klusterrak eta Etxepare Institutuak helburu bezala jarri dute euskal lurraldearen sustapena, «Euskal Herria nazioarteko ekoizpen gune bezala aurkeztuz».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos