Ez da bukatu FUGA, ez ixil organua
Donosti Ereski Gregoriar Scholak uste oker bat zuzendu du, frogatuz, Orixeren eskutik, ederki uztartzen direla euskara eta gregorianoa
Lan izugarria(k) ari da egiten Donosti Ereski Gregoriar Schola maite-maite duen kanta mota horren inguruan. Askorentzat berezia bezain misteriotsua den kantagintza dute altxor Donostiako Karkizano kalean, abesbatza horren egoitzan.
Beldurrez eta errezeloz hurbiltzen da gregorianora musikari eta zale andana, ez kantatzen ez tresna batez laguntzen ez gozatzen gauzak ez direla izango sinetsirik. Antzinatik datorren munstro sakratu bat delakoan dira asko eta asko. Beste milak zera pentsatzen dute, kantu eliztar-eliztarra dela soil soilik. Beraz, kantatu, tresnaz lagundu edo, besterik gabe, gozatu ahal izateko, derrigor, nahitaez, kristaua, fededun peto-petoa izan behar duzula.
Bada ere beste pentsamolde bat, ia beneztazkoa: gregorianoa latinez kantatzen da. Eta latinez entzun. Jende makina baten aburuz, latina aspaldian hil zen hizkuntza da, badira urteak lizeoetan irakatsi-ikasteari utzi egin ziotela, balio gutxiko jakintzagai… omen.
Oker daude. Denak. Ez da musika zaila. Ez kantatzeko ez gozatzeko. Izan ere, gregorianoa kantu laua da. Horrek esan nahi du melodia bakarrekoa, kantu soila, ahots bakarrekoa; polifonikoaren kontrakoa. Bertan, musika testuaren zerbitzura dago.
Erraturik dira. Denak. Ez baita gregorianoa burutik, eztarritik sano ez diren batzuek bizitzara ekarritako momia. Alderantziz oso, gure Mendebaldeko musika ezingo dugu sekula ulertu kantu lauari merezi duen aitortza ez badiogu egiten. Bertatik sortuak baitira Modu Nagusiak eta Modu Txikiak.
Tronpaturik dira. Denak. Ez baita ezinbestekoa kristaua izatea (are gutxiago sainduttoa…) gregorianoaz zoratzeko. Bai ordea beharrezkoa norberaren baitan biltzeko premia eta gogoa sentitzea, ez baita gregorianoa su-kale-garagar-sagardo-gau-festarako musika mota. Horretarako baditugu fandangoak, trikitixa, regaetona, dance-halleko doinuak. Eta ez, ez da borrokarako ereserki horietako bat. Barruko bakea (baita metamorfosia ere) lortzekoa baizik.
Engainaturik dira. Denak. Egia latina duela ama hizkuntza gregorianoak. Gezurra ordea latina hizkuntza-fosildua dela; hamaika gaurko eta biharko hizkuntzetan da taupadaka, gurean barne (k(t)ipula, bakea, angelu, gerezi, denbora…). Faltsua ere gregorianoak euskara erabili ez duela aldarrikatzea.
Donosti Ereski Gregoriar Schola peskizetan hasi orduko entzunak ziren -bai horixe, bai hor nonbait, seminarioetako elizetan, kasu-, euskarazko hitzak gregoriano kantuetan. Baina, horretan arrazoi askok, ez zen euskara gregorianoaren hizkuntza naturala….. Juanjo Iturrioz, Jokin Otamendi eta beste hainbat ikerlari gregoriar-euskal-kanta-zale lanean hasi arte.
Ez zen ez euskara ohiko, usadioko hizkuntza gregorianoa kantari prestu hauek erabilitako partituretan, Salve Materreko latinaren azpian makinaz idatziriko euskarazko hitz batzuk aurkitu zituzten arte. Jakin mina piztuta, sutan kasik, ekin zioten abenturari eta musikazale porrokatua zen Nikolas Ormaetxea Orixek euskarara ekarritako Urte-Guziko Meza-Bezperak izeneko meza-liburuaren erreferentzia topatu. Bertan zen Salve-Mater hura Agur Ama bilakaturik…
Jarraitu zuten musika detektibe lanetan eta 10, 12, 35 gregoriar kanta euskaraz aurkitu zituztez. Denborak, Ahanzturak, Destainak, Ezjakituriak, kasik Gorrotoak zokoraturiko piezak; Euskarak eta Gregorianoak, Gregorianoak eta Euskarak merezi duten gailur delizios eta benetakora eramateko moduko barne kantak; gugandik oso urrunean izan arren, gure baitan den dimentsio batera hurbiltzen gaituztenak.
Atera zuten diskoa, polita oso izenburua: 'Orixe'ren Oparia, Gregorianoa Euskaraz'. Plazaratu zuten argibide gozoz beteriko liburuxka.. Argitaratu zuen partitura liburukotea. Glosarioa duena. Orixeren hitzak gure euskarara ekarriak dira bertan. Horrela enteratuko gara, diskoa entzuten ari garela, Ixtil lokatza dela, Zaldabaia…panderoa; Landera…pobrezia.
Orriotan irakurriko dugu Argentinan zela, eta Aita Goikoetxea 'Gaztelu' Bachen sonata bat joaz organoan, Orixek idatziriko poema:
«Bukatu da FUGA,
Ixil organua,
piztu da neregan
Maitearen sua.
Isiltasun ori
orain da goxoa:
legun da musika,
legun da soiñua,
legunago aren
ondoko gantzua«