Bueltan dator Christian Lindberg EOSen denboraldira

Lindberg, 2016an Donostian egindako argazkian./USOZ
Lindberg, 2016an Donostian egindako argazkian. / USOZ

Abonu Denboraldiko kontzertuetan bere hiru alderdiak erakutsiko ditu tronboijole, zuzendari eta konpositore suediarrak

'Sustrai nordikoak' izeneko programa da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu Denboraldiaren ardatza. Ezin egokiagoa izango da, hortaz, Christian Lindberg tronboijole, zuzendari eta konpositore suediarraren esku-hartzea, are gehiago programa osatzen duten hiru piezetako bat berak idatzitakoa dela kontuan izanik.

Lindbergek, alegia, lehendik ere kolaboratu izan du EOSekin, zuzendari eta bakarlari gisa. Oraingoan bere ibilbidean hainbeste arrakasta ekarri dion rol hirukoitz horretan kolaboratuko du EOSekin espezializazioaren aurka dagoen eta askotariko musika jarduerek musikari hobea izaten laguntzen dutela uste duen Lindergek. Hain zuzen ere, orkestraren buru izateaz gain, tronboi-bakarlari lanetan arituko da berak idatzitako obra batean: 'The Tale of Kundraan' (Kundraanen istorioa) izenekoan. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hurrengo kontzertuen berri emateko zabaldu duen oharrean irakur daitekeenez, «2008an izen bereko obra batean Lindbergek lehendabizikoz aurkeztu zuen fikziozko pertsonaia bat da Kundraan, eta tronboi-bakarlariak eta Lindbergen beraren ahotsak irudikatzen duten gizaki ilun eta basatia da. Pertsonaia honen beste abenturatako bat da programa honetako obran aurkezten dena; bertan, Luziferrek Kundraani New Yorkeko Orkestra Filarmonikoko zuzendari postua emango diola agintzen dio».

«Tronboiaren Paganinitzat edo Chopintzat» jo duten Lindbergek bere lana ez ezik gainerakoak ere zuzenduko ditu. 'On the Waterfront' ('La ley del silencio') filmari Leonard Bernsteinek egin zion soinu-bandaren suitearekin irekiko da programa. Programari amaiera Jean Sibeliusen 3. Sinfoniak emango dio.

Lindberg bera bezala, 'Sustrai nordikoak' programa nahiko heterogeneoa dela esan daiteke, eta hurrenkera honetan eskainiko da ohiko antzokietan: Gasteizko Principal Antzokian astelehenean, azaroak 5; Iruñeko Baluarte Auditoriumean asteartean, azaroak 6; Bilboko Euskalduna Jauregian asteazkenean, azaroak 7; eta Donostiako Kursaal Auditoriumean ostegun eta ostiralean, azaroak 8 eta 9. Kontzertu denak 20:00etan izango dira.

Kontzertuen astearen amaieran, ostiralean, azaroak 9, Christian Lindbergek Musikeneko tronboi-ikasleei masterclass bat eskainiko die. Ekimen hau Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Musikenek Aula Jordá Gela izenburupean sinatutako hitzarmenaren baitan kokatzen da. Horri esker, kontserbatorioko ikasleek lehen eskutik ezagutu ditzakete Orkestraren Abonu Denboraldian parte hartzen duten bakarlari handietako batzuk.

Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude Orkestraren webgunean eta kontzertu-aretoetako webguneetan zein leihatiletan, 10 eurotik 35 eurora arteko prezioetan. Izan ere, 'Azken ordu gaztea' eskaintzari esker 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko lehiatilan, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos