Botaba esamoldeen erronkarren hirugarren edizioa egitera doaz

Webgunean eskuragarri daude esamolde batzuk/
Webgunean eskuragarri daude esamolde batzuk

Azaroan ekingo diote lehiaketari. «Beroketa fasea» urrian egingo da, jolasean ondo pasatzeaz gain, parte hartzaileek lehiaketan nola parte hartu behar den ikas dezaten erronka eta asmakizunen bidez

Botaba euskal esamoldeen erronkaren hirugarren edizioa antolatu du Labayru Fundazioak. Aurrekoetan bezala, Instagram sare soziala izango da lehiaketaren euskarria, eta hiru aste iraungo du, azaroaren 4tik 25era, hain zuzen ere. Euskararen erabilera sustatzea du helburu lehiaketak, eta gazte jendeak egunerokotasunean hizkuntza modu naturalean erabiltzea, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Lehiaketa azaroan izango den arren, aurten «beroketa fasea» egingo da urrian, jolasean ondo pasatzeaz gain, parte hartzaileek lehiaketan nola parte hartu behar den ikas dezaten. Tarte horretan, erronkak, asmakizunak, lehiaketako enbaxadoreen zuzenekoak eta abar izango dira. Gainera, zozketak ere egingo dira fase horretan (Bilbao BBK Live eta Donostia Festibalerako sarrerak, besteak beste).

Edizio honetako beste berrikuntzetako bat sariei dagokiena da. Aurten bi kategoria egongo dira eta sari bat eskainiko da bakoitzean. Sari nagusia lau lagunentzako Interraileko txartelak izango dira, hilabete osoz Europan zehar nahi adina bidaiatzeko; Esamolde originalenaren saria, aldiz, lau lagunentzako abentura esperientzia bat izango da.

Lehenbiziko ediziotik «luxuzko enbaxadoreak» izan ditu Botaba esamoldeen erronkak, eta hirugarren edizioan ere horrela izango da, besteak beste, Iban Garcia youtuberra eta Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktoreak arituko dira zeregin horretan, bai lehiaketa hasi aurretik, bai lehiaketak iraun bitartean ere. Horrela, zuzenekoak, desafioak, jolasak edo argitalpenak partekatuko dituzte erabiltzaileekin egitasmoa bukatu arte.

Euskal esamoldeen erronka @botabaerronka kontuan (Instagram) jarraitu ahal izango da; esan bezala, «beroketa-fasea» urrian izango da eta lehiaketa bera azaroaren 4tik 25era. Lehiaketari jarraipena egingo zaio Instagramen, Youtuben eta Twitterren, eta parte hartzeko jakin beharreko guztia lehiaketaren webgunean kontsulta daiteke.

Temas

Euskera