Bost kontinenteetako musika-tresnen berri ematen duen ikuskizuna

Oihan Vega eta Xabier Zabala, atzo Donostian./MICHELENA
Oihan Vega eta Xabier Zabala, atzo Donostian. / MICHELENA

Oihan Vega dj-ak eta Xabier Zabalak haurrentzat sortu duten 'Musikarium' lana igande honetan estreinatuko da Bergaran

FELIX IBARGUTXI

'Musikarium' antzerki musikal didaktikoa igande honetan estreinatuko da, Bergarako Seminarixoan, arratsaldeko 6etan. Haurrentzako ikuskizun honen sortzaileak eskarmentu handiko bi lagun dira, Oihan Vega dj bergararra eta Xabier Zabala konpositore zarauztarra.

«Baga Biga disko- eta produkzkio-etxearen enkargua izan da. Ritxi Aizpuruk esan zigun hiru kontzeptu hauek uztartzeko: kontzertua, didaktikoa eta antzerkia; eta lanean hasi ginen. Ni Xabier Zabalarekin sekula lan egin gabea nintzen. Berak ez zekien ni konpositore ere banaizela, eta lanean oso ondo moldatu gara. Nik ikuskizunaren gidoia egin dut eta berak doinuak konposatu», adierazi du Oihan Vegak.

Ikuskizuna, berez, halako ipuin musikatu bat da; eta, aldi berean, haurrei zuzendutako musika-kontzertu didaktikoa. Haurrek, modu didaktiko eta erakargarri baten bidez, eta musikaren munduan murgilduz, hainbat doinu eta musika- tresna ezagutuko dituzte eta Euskal Herrikoekin konparatuko zaizkie, hauen desberdintasun eta antzekotasunak azalduz.

'Musikarium' ikuskizuna haurrei zuzendutako antzerki-musika-kon-tzertu didaktikoa da. Oholtza gainean, azalpenak ematen, Oihan Vega agertuko da. Ipuina, berriz, Undo enpresak egindako marrazki bizidunen bidez azalduko da. «Umeen gaur egungo lengoaia horixe da, ikus-en-tzunezkoa», esan du Vegak.

Gainera, oholtzan zuzeneko musika egongo da. Xabi Zabalak era askotako tresnak jo izan ditu, eta ikuskizun honetan teklatuak, pianoa, soinu handia eta hainbat txirula joko ditu. Beste musikariak Luis M. Moreno 'Pirata', Igor Telletxea eta Igor Torre izango dira. Azkeneko hau, Igor Torre, Euskadiko Orkestrako biolinjolea da.

Dena dela, OihanVegak berak ere jardungo du tresna batzuk jotzen: gitarra eta danborrak. Kontuan izan behar da haurrei hainbat tresna erakustea dela ikuskizun honen helburu nagusia.

Zortzi urteko umea

Ikuskizuneko protagonista abestea gustuko duen 8 urteko neskatoa da, Ilargi izena duena. Olentzerok mugikorra oparitu zionetik ez du berarekin ibili besterik egin. Badu dohain berezi bat mugikorrak, gehiegizko erabilerak maite duzun hori kentzen dizu eta, Ilargik asko erabili duenez, ahotsa galdu du eta ezin du kantatu. Baina Mari Domingik badu edabe magikoa Ama Lurreko lau osagaiekin egiten dena. Osagaiak kontinente desberdinetan aurkitu beharko ditu Ilargik ahotsa berreskuratzeko, horretarako hango eta hemengo herrialdeetako hizkuntzak ikasten hasiko delarik, eta baita musikak ere.

Beraz, Ilargik kulturak, hizkun-tzak eta ohiturak ezagutuko ditu, eta Euskal Herrikoekin alderatuko. Halaxe, Ilargi ohartuko da hainbat musika-tresnaren antzekotasunaz.

Baina berreskuratuko al du Ilargik ahotsa? Kantatuko al du berriro? Ikasiko al du Ilargik mugikorrari erabilera arduratsua ematen? Hori laster jakingo da, igande honetan Bergaran.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos