Bihar hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea
Urdulizen eta Durangon izango dira lehen bi faseak eta hurrengo hiru ostegunetan bina izango dira arratsaldero
Ostegun honetan, maiatzak 4, abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea 'Udabarria Bertsotan' lelopean. Lehen bi saioak Urdulizen eta Durangon izango dira, kultur etxean eta Plaruenan, hurrenez hurren, 18:30ean hasita. Fase honetan orotara zortzi saio jokatuko dira, lau ostegunetan. Aipatutako bi saioz gain, maiatzaren 11n Diman eta Muxikan egingo dira, 18an Aulestin eta Sopelan eta 25ean Busturian eta Zallan.
Horrela, Urdulizen kantatuko dute Aissa Intxaustik, Beñat Bilbaok, Igor Galarzakk, Illart Gumuziok, Jone Larrinagak eta Maider Altunak. Beñat Vidal arituko da gai-jartzaile eta Saioan gaiak ematen Gurrutxaga ariko da, eta Ander Txakartegik, Graxi Arregik eta Jurgi Fuentesek osatuko dute epaimahaia. Idazkari lanean Ariane Elejabarrieta arituko da.
Bestalde, Durangoko saioari dagokionez, Araitz Katarain, Arkaitz Zipitria, Bikain Urkiri, Imanol Arrutia, Peru Irastortza eta Unai Mendiburu izango dira oholtzan Itxaro Juaristik jarritakoei kantuan erantzunez eta Beñat Romero, Garazi Mendoza eta Miriam Juaristi epaimahaikide bezala. Idazkari lanean Itziar Basterretxea arituko da.
Saioetako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai. Sarrerarik geratuko balitz, saioak jokatuko diren egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke, 18:00etan. Sarrerak 3 euro balio du, Bertsozale Elkarteko bazkideek 2 euroan izango dute eskuragai, eta 18 urtetik beherakoek ez dute ordaindu beharrik izango.
Nerea Ibarzabalen txapelaren bila
2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan Xabat Galletebeitia, Onintza Enbeita, Etxahun Lekue, Gorka Pagonabarraga, Aitor Bizkarra, Jone Uria, Aitor Etxebarriazarraga eta Nerea Ibarzabal aritu ziren kantuan. Azken honek jantzi zuen txapela 874,5 puntu lortuta eta buruz burukoan Jone Uriari (866 puntu) gailenduta.