Bizirik jarraitzen du Mikel Laboaren unibertsoak

Iban Gonzalez arrasatearrek zuzendu du dokumentala./ETB
Iban Gonzalez arrasatearrek zuzendu du dokumentala. / ETB

Horixe erakusten du asteazken honetan Durangoko Azokaren baitan emango den den 'Gu, Laboa' dokumentalak. Gauean ETB1en ikusi ahal izango da

2008ko abenduaren 1eko goizaldean hil zen Mikel Laboa euskal kantari eta musikari ospetsua. Haren heriotzak samin eta zirrara handia eragin zuen kultur munduan, eta, oro har, gizartean. Ordutik hamar urte igaro direnean, EiTBk 'Gu, Laboa' dokumentala aurkeztuko du, musikariaren ondarea zertan den erakutsiko duen ikus-entzunezkoa.

Atzo, abenduak 4, egin zen Donostiako Victoria Eugenia antzokian dokumentalaren aurrestreinaldia. Ekitaldian, dokumentalean parte hartu duten protagonistak eta Mikel Laboaren gertuko lagun eta senideak bildu ziren. Asteazken honetan, abenduaren 5ean, Durangoko Azokako Irudienean izango da dokumentala ikusgai, 19:00etan. Bertarako sarrera librea izango da.

Mikel Laboa hil zenetik 10 urte bete direnean, gaur egun musikari handiaren unibertsoa bizirik jarraitzen duela erakutsiko du 'Gu, Laboa' dokumentalak. Horretarako, aski ezaguna den Mikel Laboaren erretrospektibatik urrundu, eta gaur gure herrian, gure kulturan eta gure egunerokotasunean zein bizirik dagoen ikusiko dugu.

Mikelek erakutsitakoari jarraituz, dokumentalak komunikazio mota anitz eta aberatsa erabiliko du, euskal artearen diziplina ezberdinak uztartuz. Hau baita, beti aurrerantz begira zegoen artista, bizirik dagoela erakusteko modurik ederrena.

Guzti hau aurrera eramateko, gure herriko kulturaren ordezkari gorenak eta promesa gazteak bilduko ditu ikus-entzunezkoak. Gonbidatu guzti hauen hitzak eta edukiak gai-blokeetan antolatu dituzte eta ikuskizun desberdinekin partekatu.

Lan honetan, bere adiskide eta bide lagun izan diren Bernardo Atxaga, Anjel Valdes eta Iñaki Salvador entzungo ditugu. Baita Jon Maia, Maite Aroitajauregi (Mursego), Arkaitz Martinez de San Vicente (Oreka TX) edo Gorka Urbizuren hausnarketak ere. Hitz hauekin batera, Kukai dantza konpainia, Jose Luis Zumeta, Aire Ahizpak, Bihotx txalapartariak, Ainara Ortega aktorea, Alaia Martin eta Maddalen Arzallus bertsolariak eta Maria Berasarte eta Olatz Salvador abeslariak ikusiko ditugu, beste askoren artean.

Dokumentalak, beraz, ez du proposamen historikoa- biografikoa egingo. Proposamen artistikoa da eta etorkizunera begira jarriko ditu ikus-entzuleak. Baleuko etxeak egindako dokumentala da, Iban Gonzalezek zuzenduta, Jon Maiaren gidoiarekin.

ETB1ek asteazkenean, abenduak 5ean, eskainiko du dokumentala 22:30etik aurrera. Jarraian, Mikel Laboak Lluis Llachekin batera 1984ean Anoetan emandako kontzertua eskainiko dute.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos