Beste monumentu bat topatu dute Andatzako estazio megalitikoan

Txangosta eremua, zundaketak hasi baino lehen. /ARANZADI
Txangosta eremua, zundaketak hasi baino lehen. / ARANZADI

Aranzadiko ikerlariek azaldu dutenez, Txangosta inguruan aurkitutako monumentua inguruko hamaikagarren trikuharria izango litzateke

Oso ezaguna da Andatzako estazio megalitikoa, 2003an Eusko Jaurlaritzak Monumentu Multzo izendapenarekin Kultura Ondasun izendatu zuena. Aranzadi Zientzia Elkarteak beste monumentu megalitiko bat topatu du bertan, eta aste honetan bertan eman du aurkikuntzaren berri jendaurrean, Usurbilgo Udalak antolatutako solasaldian.

Aurkikuntza Andatza mendigunean egindako hamargarren prospekzio kanpainaren emaitza da eta, ikerketaren arduradunek baieztatu dutenez, Txangosta inguruan dago monumentu megalitiko berria. Itxura guztien arabera, trikuharri bat da. Gizakiak egindako egitura bat dela baieztatu dute, baina uste baino konplexuagoa denez, ikerketa sakonagoa egiteko asmoa dutela aurreratu dute.

Usurbilgo saioko hizlariak Izaro Quevedo eta Manu Zeberio azterketa arkeologiko honen arduradunak izan ziren. Potxoeneara hurbildu ziren herritarren aurrean Andatzako Estazio Megalitikoaren garrantzia ekarri zuten gogora. Estazio megalitiko honetan, hain zuzen hamar monumentu daude, denak trikuharriak: Andatza I eta II, Arkutxa, Beldarrain, Belkoain, Karramiolotz, Loatzu I eta II, Olaiko eta Zarateko Bentako trikuharriak.

Gizakiak jarritakoak

Hortaz, beste monumentu bat erantsi beharko litzaioke estazioari aurreikuspenak betetzen badira, hamaikagarrena, eta Txangostakoa, egiazki, trikuharria bada. 2003tik ari da Aranzadi Andatza mendigunearen okupazioari buruzko azterketa arkeologikoa egiten. Izaro Quevedo eta Manu Zeberiok azaldu zutenez, 2004an Txangosta izeneko lekuan egitura berezi bat identifikatu zuten. Hainbat lagunek bazuten leku horren berri; haatik, bertan kokatzen diren aztarnak ikertu gabe zeuden, eta inork ez zekien zer ziren. Horregatik, 2018an zundaketa arkeologiko bat egitea erabaki zuten, ea naturala ote den edo gizakiak egindako egitura bat den ziurtatzeko. Hain zuzen ere, urte horretako prospekzio kanpaina ingurune hori aztertzen eta interpretatzen eman zuten.

Honako ezaugarri hauek ditu aztarna horrek: harri pilaketa bat eta haren gainean bi harri handi zutik, eta hegoalderantz beste harri bat dago dago, etzanda. Egituraren ezaugarriak ezagutzeko asmoz, eta inguruko landaredia guztia kendu ondoren, egituraren erdialdea ikertu zuten, ea zutik dauden harriak naturalak diren edo ez jakiteko asmoz.

Hala, landaredia kendu bezain pronto harri txiki batzuk azaldu ziren, eta bi harri handiak eusteko jarrita daudela ikusi ahal izan zuten, alegia, gizakiak jarritakoak direla. Eremu horretan gainera, suharrizko xafla bat eta harri-kristal bat ere aurkitu dituzte, eta tamaina ezberdinetako harriz eta lurrez osatutako tumulu bat dagoela ziurtatu dute.

Ikerketa ahalik eta ondoen jarraitu ahal izateko, lana bertan behera utzi dute momentuz, eremu osoa ondo garbitu arte, izan ere, tumuluaren gainean zuhaitzak daude. 2019an jarraituko dute indusketokin.

Temas

Euskera