Bost egun Azokaren eta sortzaileen aniztasunean murgiltzeko

Aurreneko egunean, ikasleak izango dira aurten protagonista./FELIX MORQUECHO
Aurreneko egunean, ikasleak izango dira aurten protagonista. / FELIX MORQUECHO

Ikasleei eskainitako egunarekin hasi den 53. edizioaren inaugurazio ekitaldi ofiziala 19:00ean egingo da

Euskal Herri osoko milaka ikaslerentzat ireki ditu ateak Durangoko Azokak, beste inorentzat baino lehen, asteazken honetan, abenduak 5, eta bisitari gazteenek eman diote hasiera bost eguneko kultur maratoiari. Aurten, bereziki, Azokaren beraren eta sortzaileen aniztasunari erreparatuko zaio bost egun horietan.

Nahiz eta publiko orokorrak lehen momentutik dituen zabalik Azokaren atean, gune guztietan ikasleei zuzendutako jardueran izango dira goiz osoan zehar, oso harrera ona izan duten (izen-emate guztiak bete dira) tailerren bitartez: 'Poropopoesia' Saguganbaran; 'Liburu bat egingo dut' Areto Nagusian (Euskal Editoreen Elkartearen eskutik); 'Heldu programazioari' Kabi@n (JolasMatika EHUko informatika fakultatearen eskutik); 'Euskal kantagintza kontzertuan' Plateruenan (Luhartz musika taldearekin); 'Musika elektronikoaren ekoizpena' Ahotsenea zuzenekoetan (Telmo Trenor musika elektroniko ekoizlearen eskutik); 'Gaur egungo testuak' Ahotsenea solasaldietan (Yurre Ugarte idazleak gidatuta); 'Antzokia zirrikituz zirrikutu' Szenatokian (Karrika Antzerki Taldearen eskutik) eta 'Soinu efektuak zinemagintzan' Irudienean (Pixelatu taldearen eskutik, Zineuskadik antolatuta). Horrez gain, Durangoko Historia eta Arte Museoan 'Grabatuarekin jolastuz', ilustratu tailerra eskainiko da, Irati Eguren ilustratzailearen parte-hartzearekin.

Esan bezala, Azoka publiko orokorrarentzat ere zabalik egongo da lehen egunean, eta egun osoan zehar hamaika jarduera egongo dira. Irekiera ekitaldi ofiziala, berriz, arratsaldeko 19:00etan egingo da, Areto Nagusian. Han izango dira Azoka babesten duten erakundeetako ordezkariak, ikuskizun txiki bat prestatu duelarik Txakur Gorria kolektiboak. Kartela ere haiek egin dute.

Lehen eguneko egitaraua

Areto Nagusian (Landako Gune barruan) hainbat proiektu eta aurkezpen egingo dira, 13:30etik aurrera, eragile askoren eskutik: UEU, EHU, IPES, Ernai, Otzarreta... 19:00etan 53. edizioko inaugurazio ekitaldia egongo da bertan. Ekitaldian erakunde publikoetako ordezkariek parte hartuko dute, eta aurtengo edizioko kartelaren egileek, Txakur Gorria sormen kolektiboko kideek, 'Digara' ikuskizun laburra eskainiko dute.

Kabi@n (aurten Landako barruan) 16:00etatik aurrera «teknologia eta hezkuntza formala eta informala»-ren inguruan hausnartuko dute, hainbat parte-hartzailerekin. Saguganbaran (Landako aurrean, Elkartegian), indartsu hasiko dute Azokako egitaraua. 17:30ean Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 'Musua' disko liburua aurkeztuko dute, eta 19:00etan 'Maritxipi eta Amatxo' liburua aurkeztuko da.

Irudienean (Zugaza zinemetan) hiru ikus-entzunezko lan aurkeztuko dira: 17:00etan 'Atsolorra' film laburra; 17:30ean 'Sarkor, garena gara' Sarkor musika taldearen inguruko dokumentala; eta 19:00etan 'Gu, Laboa' Mikel Laboaren inguruko dokumentala, bere heriotzaren 10. urteurrena dela eta.

Ahotsenean lehenengo egunetik bertatik hasiko da musika eta literatur maratoia. Zuzenekoen karpan (Landako pareko lorategian), goizeko 11:00etan hasiko dira kontzertuak. Josu Bergara eta Eneritz Furyak bakarlariak egongo dira, Gatom rap abeslari bermeotarra, lehenengo diskoa kaleratu duten taldeak (Azalera, Dunne, Polybius), ibilbide luzeagoa dutenak (Madeleine, Lappa) eta abar. Solasaldien gunean (Landako barruan) ere, aniztasuna izango da nagusi, eta eta hainbat idazlek euren lan berriak aurkeztuko dituzte: Jasone Osoro, Aritz Gorrotxategi, Karlos Linazasoro, Thierry Biscary...

Egunero bezala, Azokako egitaraua Plateruenan amaituko da. Kafe Antzokiko eszenatokia Huntza taldeak estreinatuko du, 23:00etan. Taldeak bere bigarren 'Xilema' diskoa aurkeztuko du. Sarrerak www.plateruena.eus webgunean edo Plateruenan bertan eros daitezke (zortzi euro webgunean eta hamar euro txarteldegian).

Unean uneko egitaraua eta sortzaileen sinadura-ordutegiak webgunean kontsulta daitezke egunero.

Durangoko Azokako antolakuntzak dei egiten die bisitariei garraio publikoa erabiltzeko Durangora etortzeko. Autoa erabiltzekotan, azokazaleek doako autobus-zerbitzua izango dute Iurretako peaje alboko aparkalekuetatik Landako guneraino, 20 minutuko maiztasunarekin, goizeko 10:30etik 20:00ak arte.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos