Borrar
Bertsozale Elkarteko Beñat Gaztelumendo, eta Lotura Films-eko Miren Berasategi.

Bertsozale Elkarteak eta Lotura Films-ek jaso dituzte Elkar sariak

'Lur eta Amets'-en segida izan daitekeen proiektu berri bat lantzen hasteko eman diote 10.000 euroko saria euskal animazioan erreferentziazkoa den ekoizpen etxeari. Bertsozale Elkarteari, berriz, egindako ekarpena eskertu diote

n. azurmendi

Osteguna, 29 apirila 2021, 18:54

Comenta

Elkar Fundazioak 2016 urteaz geroztik ematen dituen sariek begi bat dute sorkuntzaren sustapenean, eta beste bat euskal kulturgintzari egindako ekarpenaren aintzatespenean. Aurtengo saridunen kasuan, bereizezina izan liteke Proiektua eta Ibilbidea izeneko sarien arteko muga, biek baitute proiektu indartsuak sortzeko gaitasuna, eta biek ibilbide luzea euskal kuturgintzan.

Hala, Ibilbideari Elkar saria Bertsozale Elkarteak jaso du, arratsaldean Martin Ugalde Parkean egin den ekitaldian. Saritu da, besteak beste, «itxura batean bazterreko izatera bideratuta zegoen bertsoari lekua egitea» lortu izana, «bertsoa gaur egungo euskal gizartean, euskaldunen artean, ezaguna eta jarraitua den kultur adierazpena» izatea «urte luzeetan ondo egindako lanaren emaitza» baita. Bai transmisioaren arloan, baita zabalkundean ere, bietan –eta gehiagotan– baitiardu Bertsozale Elkarteak, txapelketen bidez, estilo askotako ehunka saio antolatzen, bertsolaritza haur eta gazteengana eramaten...

«Horrekin denarekin bertsolaritza modernizatuz joan da, XXI. mendean bertsoa ez da zerbait zaharkitua, oso garaikoa baizik. Prestigioa eman zaio bertsolaritzari eta euskal kulturari», adierazi dute. Askoren arteko lana izan da bertsolaritzak azken hamarkadetan egin duen jauzia, baina saria ematean azpimarratu nahi izan dute «lan horretan elkarteak izan duen pisua». «Bertsozaleak bildu eta denen artean, alde guztien parte hartzearekin, taldelanean, egin da bidea, eta horrek asko erakusten digu gainerakoei ere», azaldu dute erabakiaren berri ematean.

Aurrera jarraitzeko bultzada

Proiektuari Elkar saria, berriz, 10.000 euroko diru-laguntza duena, Lotura films ekoiztetxeak jaso du, 'Lur eta Amets' filma eta telesailaren jarraipena ekar lezakeen proiektua lantzeko. Lotura Films erreferentiazko etxea da euskarazko animazioan, Juanba Berasategi zenak 1992an sortu zuenetik.

'Lur eta Amets' film animatua, iaz estreinatua, ekimen zabalago baten zati da, Ikastolen elkarteak, Katxiporretak eta Elkar-ek berak elkarlanean garatutako proiektua, beste zenbait eragilerekin batera. «Egokia izango litzateke hura ekimen bakar bat ez izatea, hark nolabaiteko jarraipena izatea. Ona litzateke, haurrei begira, gure herrian eta gure kulturan oinarritutako film eta telebistarako serie gehiago egitea hurrengo urteetan«. Horrenbestez, eta ekoiztetxeak baduenez ekimenari segida emateko asmoa, sariak bultzada eman nahi dio, ekimen berri bat abian jar dezan. Uste dute hartzaileak ere badaudela: «Harrera ona izan zuen filmak, pandemiak behar baino lehenago bota bazuen ere zinemetatik, eta harrera ona izan zuen serieak telebistan eman zutenean«.

Elkar Fundazioak adierazi duenez, «diru hori proiektu berri bat lantzeko da, pentsatzen baitugu Loturak baduela eskarmentua eta esperienztia nahikoa berriro ere beste proiektu interesagarri bat lantzeko, eta gai izango dela, beste hainbat eragilerekin elkarlanean, beste film bat, edo serie bat, edo biak egiteko. Beraz, gure itxaropena da urte batzuk barru orain abiatuko denaren emaitza zinean ikustea».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Bertsozale Elkarteak eta Lotura Films-ek jaso dituzte Elkar sariak

Bertsozale Elkarteak eta Lotura Films-ek jaso dituzte Elkar sariak