Bertsolaritzaren ikerketa zientifikoa sustatzeko bi deialdi aurkeztu dituzte
Bertsozale Elkarteak eta Mikel Laboa Katedrak master amaierako eta gradu amaierako lan bana sarituko dituzte
I. M.
Asteazkena, 22 martxoa 2023, 12:04
Bertsozale Elkarteak eta Mikel Laboa Katedrak master amaierako eta gradu amaierako lan bana sarituko dituzte 2023an bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzeko asmoz. Hala, bai master amaierako lanen proiektuetan zein Gradu Amaierako lanetan eskariak aurkezteko epea 2023ko irailaren 18an amaituko da. Deialdi bakoitzaren xehetasunak eta informazio guztia bi erakundeen webguneetan eskegita dago, baita izena emateko bete behar den fitxategia ere.
Batetik, bertsolaritzari buruzko ikerketa eta master amaierako lanen proiektuak sustatzeko deialdian, master amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira, nahiz eta beste ikerketa lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko diren. Betiere ikergai nagusia bertsolaritza izan beharko da, geroko tesiak bultzatzea baita asmoa, eta nahi den jakintza-alorretik ikertu ahalko da. Hartarako 2.500 euroko dirulaguntza esleituko da. Azkenik, unibertsitate-irakasle doktore batek bermatu beharko du proiektua.
Bestetik, bigarren deialdiak, Gradu Amaierako lanen sariak, bertsolaritza ikergai gisa aukeratu izana baloratuko du eta Gradu Amaierako Lan bat edo Goi mailako Antzerki zein Musika ikasketa bukaerako lan bat sarituko da, betiere 2020-21, 2021-22 edo 2022-2023 ikasturteetan defendatutakoak badira. Irabazleak 600 euroko saria jasoko du.
Ikerketa lanetan hautatuen izenak eta ordezkoen zerrendan hilabete beranduago, 2023ko urriaren 18an, jakinaraziko dira eta ordutik gehienez urtebeteko epea izango dute ikerketa lanak amaitzeko. Hau da, 2024ko urriaren 18rako helaraziko beharko dute beranduenez. Aurten 2.500 euroko dirulaguntza esleituko da.
2022an egindako deialdian Maddi Soroaren 'Bertsolariaren formazioan bertsoa sortzeko eta interpretatzeko konpetentzia arloak' gradu amaierako lana eta Iñaki Viñasprek, Izar Mendigurenek, Oihane Pereak eta Ruben Sanchezek taldean aurkeztutako 'Bertso-eskola Zaballako espetxean: presoen, espetxearen eta bertso mugimenduaren arteko elkarreragina' proiektuak izan ziren sarituak.