Bertsoak zita bikoitza du Nafarroan, larunbatean Vianan eta igandean Uharten
Bi final-laurdenak 17:30ean hasiko dira
Aste bukaeran baten faltan bi saio izango dira 2023ko Nafarroako Bertso Txapelketan. Pasa den igandean abiatuta, bigarren eta hirugarren final-laurdenak lehiatuko dira Vianan eta Uharten, hurrenez hurren. Bi saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian, eta saioetan bertan ere salduko dira leihatilan, 16:00etatik aurrera.
Lehena larunbatean izango da, Kultur etxean 17:30ean, hasita Nafarroako Bertsozale Elkartearen aspalditik duen helburuari erantzunez: euskara herrialdeko eskualde guztietara iristea. Eta hala egingo du, lehen aldiz antolatuko baita txapelketako lehia bat herrian. Julio Soto, Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain, Patxi Castillo, Urko Gartzia eta Aitor Irastortza ariko dira kantuan Zigor Gartzia 'Zian'-ek jarritako gaiekin. Antolakuntzak El Hoyo izenez ezaguna den zonaldeko parkina erabiltzeko gomendioa luzatu nahi die bertaratuko diren entzuleei
Esan bezala, ez da aste-bukaera honetan Nafarroako data bakarra, igandean Iruñerrira egingo baitu jauzia, Uhartera. Arte Garaikideko Zentroan izango da, 17:30ean eta Joanes illarregi, Ainara Ieregi, Julen Zelaieta, Mikel Lasarte, Beñat Astiz eta Eki Mateorenak Ainhoa Larretxeak botatakoei erantzungo diete. Xabier Silveira zen kantatzekoa, baina txapelketan parte hartzeari uko egin dio Lesakako bertsolariak, borondate propioz
Pasa den igandean Iruritan lehiatu zen 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen saioa eta Sarai Robles nagusitu zen 354 puntu eskuratuta eta, hortaz, azaroaren 4an Altsasun jokatuko den lehen finalaurrekorako txartela lortu zuen. Haren atzetik sailkatu ziren Saioa Alkaiza (333), Idoia Granizo (328,5), Ekain Alegre Gil (324), Eneko Fernandez (320,5), eta Egoitz Gorosterrazu (291,5). Gainerako kantaldiak amaitu arte itxaron beharko dute hauek hurrengo fasera igaroko diren ala ez jakiteko.
Azken final-laurdena
Hala, final-laurdenetako saio bakarra geldituko da jokatzeke, urriaren 21ean Leitza izango dena. Orduan jakingo da zein 18 bertsolari igaroko diren hiru finalaurrekoetara. Azkenik, abenduaren 2an jarriko zaio azken puntua txapelketari, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalarekin. Orduan izendatuko da 2023ko Nafarroako txapelduna.