Berria

Pello Esnal
PELLO ESNAL

Estreinatu berria dugu urte berria. Oraindik ez du aukera handirik izan zahartzen hasteko, eta berriaren distira darama soinean diz-diz.

Hala ere, izango da dagoeneko ilusioa galtzen hasi eta datorren urte berriaren zain jarria dagoenik, oraingo hasi berri honekin aspertzen hasita edo. Izango da, tartean, galdezka hasi denik ere zer sekretu ote duten izaki berriek, beti distira berria dariela ikusten ditugun horiek.

Kontu horietan ari naizela jira eta buelta, Ekialdeko ipuin distiratsu horietako bat etorri berri zait gogora, beti bezain bizigarri. Ipuin oso zaharra izanagatik, apenas ezagutzen dudan berriagorik.

Behin batean, arrain batek esan zion beste bati: «Barkatu. Zu ni baino zaharragoa zara eta nik baino gehiago dakizu. Seguru asko, lagundu ahal izango didazu. Esadazu: non aurki dezaket Ozeano deitzen dioten hori? Bazter guztiak miatu baititut; alferrik, ordea».

Arrain zaharrak erantzun zion: «Ozeanoa, orain zauden toki horixe da». Eta arrain gazteak, triste, esan zion: «Hau? Baina ura besterik ez da hau... Ni Ozeanoaren bila nabil».

Eta beste nonbait bilatzera joan zen igeri.

Arrain gaztea ezkutatu orduko, halako tristura bat geratzen zaigu begietan. Zer ozeano berriren bila ote zebilen arrain berrizale hura, egunero bizi berria estreinatzen zuen ozeanoan bizi izanik? Eta begi berrizaleak geure baitara itzultzean, arrain zaharraren hitzen oihartzuna entzuten dugu: «Ozeanoa, orain zauden toki horixe da».

Arrazoi izango du adiskide zaharrak, behin behar eta: «Sekretua ez da sekretu, norbaitek ezkutatzen duelako; baizik eta, begien aurrean izanda ere, ikusten ez dugulako».

Temas

Euskera