Bernardo Atxaga: «Irakurleak bere barrutik buelta bat ematea nahiko nuke»

Bernardo Atxaga joan den astelehenean Asteasun, jaiotetxearen aurrean. / LOBO ALTUNA

Egun gutxi barru izango da kalean 'Etxeak eta hilobiak', Bernardo Atxagaren azken nobela. Idatzi duen konplexuena dela dio, eta azkenekoa izatea nahiko luke

Sábado, 5 octubre 2019, 08:43

Astelehen goiza Asteasun. Bakea eta isiltasuna Iturri Ondo tabernan. Toki askoz ere zaratatsuago batean, inprimategian, liburu bilakatzen hasi berria da Bernardo Atxagaren (Asteasu, 1951) azkeneko lana. Bi urtez landu du 'Etxeak eta hilobiak', 400 orrialdetik gorako nobela, Pamielak argitaratua. Makinak martxan jartzeko zeudela eman dizkio azken ukituak laster aurkeztuko den eta, ondo beharrean, duela ia 50 urte hasitako ibilbidea aldaketaren atarian utziko duen liburuari. Elkarrizketatzaileak ez duenez irakurri oraindik liburu izatera iritsi ez den lana, behingoz zilegi bedi kazetariok lotsagarri uzten gaituen galderarekin abiatzea.

- Aurkeztuko duzu 'Etxeak eta hilobiak'? Zeri buruzkoa da, nolakoa?

- Fikzioan gaiak ez dauka garrantzi handirik, hori badakigu. Hala ere, liburu honetako gaiak asko dira, eta horiek azaltzeko hartu ditut hamar bat pertsonaia nagusi. Funtsezkoenak anaia biki batzuk dira. Denbora ere oso inportantea da. Aurreneko zatian 1972 urtea da, eta azkenekoan 2017. Horrek eragin izugarria du testuan, gaiak berak baino handiagoa, nire ahaleginetako bat izan delako uztea garaiak testua kutsa dezan. Hasieratik bukaeraraino dago testua garaiko zipriztinekin kutsatua erabat, lerro guztietan dago kutsu hori. Gertaerak ere badaude, baina ez dira kontatzen gai bat bezala, hori oso urruti dago nire nahietatik. Azaltzen dira kutsu bat bezala, usain edo zapore bat bezala.

- Lekuak beti izan dira zure lanetan erreferentzia geografikoak baino askoz gehiago. Honetan ere bai?

- Jakina. Lekuek ere dena kutsatzen dute. Aurreneko piezako lekua da etxe bat, erreka bat, okindegi bat eta kanala. Bigarrena, El Pardoko kuartela. Gainerakoetakoan daude Baiona, Landak, ospitale bat, inongo tokitan ez dagoen espazio mental bat, telebista...

- Askotariko osagai horiekin piezatan zatitutako nobela bat osatu duzu. Nobela gisa aurkeztu da behintzat 'Etxeak eta hilobiak'.

- Eta horrela da. Idazle baten ardura nagusia da testuak eduki dezala hasieratik bukaerara kutsu bat, bai lekuena eta bai egutegiarena, eta baita batasun erabatekoa ere. Nahiz eta sei piezak itxuraz desberdinak izan, ez dut nik idatzi sekula liburu bat horrelako batasuna daukanik.

«Ez dut nik idatzi sekula liburu bat horrelako batasuna daukanik»

- Ze formula erabili duzu pieza horiek denak elkarren artean lotu eta nobela osatzeko?

- Liburu hau ez da formula baten aplikazioa. Badakit asko horrela egiten direla, baina nik ez dut formularik erabiltzen. Funtsean, nahasketa hori ezin da formula batera errenditu, irudimenak nahasten baitu oroimenen kutxa infinitua. Kanal asko erabiltzen dira, eta azkenean kanal horiek nahastu egiten dira testuan. Idazten ari zarela, erretenetako batek ekartzen dizu oroitzapen bat, beste batek eszena bat, ideia bat, eta denak doaz nahasten. Ez da ezinbestekoa horien bila joatea, hortxe daude. Gertatuak gertatu, ikusitakoak ikusi, entzundakoak entzun, zure gogoan, zure buruan, zure bizkarrezurrean, zure sistema nerbiosoaren gune nagusian, unibertso bat daukazu, hor daukazu infinitua. Parte bat da kosmos ordenatua, eta beste parte handi bat kaosa. Gogoratzen ez dituzun gauzak ere hor daude. Idazten duzunean sartzen zara infinitu horretan eta, kontzientzia horrekin, buruan dituzun mila gauzen artean saiatzen zara batzuk aukeratzen, nahasten eta testu bilakatzen.

- Zertarako?

- Idazle eta testu mota asko dago. Testu batek egin dezakeen proposamenetako bat da mostradorearena; pedagogo baten jarrerarekin esan 'hemen dauzkazu gai hauek, gertaera hauek, gogoeta hauek...'. Nire ahalegina ez da hori. Nik nahiko nukeena da irakurleak nire liburua irakurri eta bere barrutik buelta bat ematea. Halako gauza bat irakurri eta esatea 'ba begira, niri ere gertatu zitzaidan, nire anaiari gertatu zitzaion, nik ere pentsatu izan dut hori...' Horrelako irakurketa nahiko nuke. Liburu batzuk kanporaka jarritako mostradoreak dira, eta beste batzuek egiten dute barruraka. Bigarren hori da nire asmoa.

«Liburu zaila izan da niretzat, baina soila eta harmonikoa izango da irakurlearentzat»

- 'Etxeak eta hilobiak' idatzi duzun libururik konplexuena dela esan duzu. Erronka handia jarri diozu irakurleari?

- Idazlearentzat izan da lana oso konplexua, niretzat, baina uste dut irakurlearentzat harmonikoa eta soila izango dela. Normalean, gai bati buruzko nobela bat idazten baduzu, hasieran egiten duzu eskema bat eta gero bete egiten duzu, baina nik ez dut horrela lan egiten. Nire lan egiteko modua pintore batek duenaren antzekoa da: aurreneko zirriborroa egin, eta pauso bat atzera; ikusi, begiratu, idatzi, eta berriz atzera... Adibide bat jarriko dizut. Bigarren testuan, 'Lau lagun' izenekoan, ni egon nintzen kuartela azaltzen den piezan, igual idatzi nituen bost bertsio, 80 orrialdekoak, 100 orrialdekoak, 40 orrialdekoak... Ematen nuen pausoa atzera eta ikusten nuen ez zela hura. Hori da nire idazteko modua, eta alde horretatik izan da teknikoki oso konplexua horrenbeste pertsonaia -badaude 50 inguru, horietan 10 bat inportanteak- mugitzea eta hainbeste lotura egitea. Irakurlea konturatuko da istorio batean bost istorio daudela, denak elkarri lotuta, baina horrek ez dio konplikatuko irakurketa. Ez nuke nahi, dena den, aldamioari begira gelditzea.

- Zure azkeneko nobela dela ere esan duzu. Zer da, orain arteko azkena edo Atxaga nobelagilearen akaberakoa?

- Hori esan dut, bai, nire desira delako nobela honekin nire nobelagintzari buka ematea. Ez dakit edukiko nukeen berriro 400 orrialdeko nobela egiteko indarrik, baina edukita ere ez dut egin nahi.

- Zerk erakartzen zaitu nobelagintzak baino gehiago?

- Azkeneko 50 urteotan argitaratutakoarekin batera, baditut koadernoetan apuntatutako ideiak eta oharrak; karpetatan bat-batean aurkitzen ditudan poemak; saiakera modukoak... 'Marjinalia' deitzen den hori, alegia. Iruditzen zait hau dela niretzako momentua 50 urteren buruan beste ertz batzuetako nire esperientzia literarioei aurre egitekoa. Arrisku handia da idazle profesionalontzat, bestelako soldatarik gabeko jendearentzat, baina nik orain eman nahi dut pauso hori. Ez zenuke sinestuko ze gogoa daukadan nire ohar eta paper horietan sartzeko!

«Nire desira da nobela honekin nire nobelagintzari buka ematea»

- Atxagarengandik beti espero da zerbait handia. Akaso ez dute denek ulertuko norabide aldaketa.

- Denok dakigu munduko argitaletxe guztiek eskatzen dutela arren eta arren nobela bat. Irakurle askok ere bai, nobela presio sozialaren emaitza baita. Ikuspegi horretatik erabaki honek arrisku handia dakarrela badakit. Espero dut horrenbesteko gogoa dudan hori egin ahal izatea, baina ikusi egin beharko dugu. Ulertu edo ez ulertu horri dagokionez, behin ama zenari galdetu genion zer zen gauzarik tristeena munduan, eta esan zigun bi zirela: bodak eta jendearen aurrean lan egitea. Nolabait jendearen aurrean lan egiten dugunok beti gaude agerian. Zubi batean ari gara pasaka etengabe, eta nornahik goitik bota lezake harri koskor bat erabateko inpunitatearekin. Presio horrekin bizi gara, eta hemen gainera badago giro bat non pentsatzen den liburu bat ateratzean jendearen ardura nagusia dela ea horren inguruan gertatuko den iskanbilaren bat. Besteen juzguaren arriskuan dagoen idazleari buruzkoa izango da hain zuzen idatziko dudan testuetako bat... Horretaz harago, txutxu-mutxuei eta aldeako giroari ez diet jaramon handirik egiten.

- Zer dago horren erakargarria koaderno horietan?

- Nik asko idatzi izan dut beti, asko eta aldi berean, beti daukat koadernoa aldean. Pentsatzearen eta idaztearen esperientzia izan da nire bizitzako ardatz nagusia, eta hori joan da arrastoak uzten, gelditu dira eta geldituko dira material asko, koadernoak betetzen jarraitzen dudalako.

- Badakizu nola berreskuratu eta baliatuko dituzun orain arte alde batera uzten joan zaren material horiek?

- Pentsatzen dut egingo ditudala 120 orrialdeko nobelak, esate baterako. Poesia eta autobiografia nahastu nahi ditut, eta egin nahi ditut liburu komikoak. Han eta hemen egin izan ditut zera komikoak, eta jendeak sekulako barreak egin ditu, baina ez dut ikusi saio horietan akademiako jenderik, eta ez dut jaso proposamenik zerbait egiteko horrekin.

- Jose Kruz Gurrutxagarekin batera aurkeztutako 'Euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia Martuteneko kartzelan' emanaldiaz ari zara?

- Bai. Horren bidez nahi nuen euskaldun jendeak pixka bat ezagutzea eta jakitea iraganean euskaraz oso gauza ederrak idatzi zirela. Badakit hori dela erabat korrontearen kontra joatea, Euskal Herrian esnob guztiek soldata seguru bat lortzen duten momentuan mespretxatu egiten baitute lehengo guztia. Hamar saio edo egin ditugu eta jendeak, euskal literaturan gauza ederrak egin direla ikusteaz gain, barre asko egiten du.

- Pieza laburragoak aterako direla diozu, komikoak ere bai. Formatu eta euskarri berriekin esperimentatzeko gogorik bai?

- Niretzat formatu eta euskarri nagusia liburua da, dagoen objektu perfektu bakarretakoa. Liburua eta, gainera, paperezkoa.

- Horrenbeste urte baldin badaramatzazu koadernoak eta karpetak betetzen, idazten hasi zinen garaietara begira jarriko zaitu ezinbestean ariketa berriak.

- Horrekin hasiko da nire autobiografia, orain dela 40 urtetik gora gertatukoarekin. Orduan bizi nintzen Bilboko etxe batean. Makina Underwod zahar batean egin nuen 'Etiopia', transparentzia batzuetan. Gero hartu nituen transparentziak eta eraman nituen Portugaleteko inprenta kaskar-kaskar batera, eta ordaindu nien irakasle bezala irabazten nuenarekin. Hori izan zen 'Etiopia'. Ibilbide luzea egin dut, baina horrela hasi nintzen, eta urte askoan hala jokatu nuen idazle bezala. Ez nuen beste ezer egiten, seguridade sozialik gabeko idazle bat nintzen. Hori da nire hasiera, eta hori izan da neurri handi batean nire ibilbidea. Politikaren munduan eta gai sozialetan ere beti saiatu naiz nire kasa ibiltzen. Batzuetan bilatu dut babesa, baina beti izan da bakartasun horretatik. Eta zer gertatu zait? Bernardo Atxaga bihurtu naiz.

«Autobiografia eta poesia nahastu nahi ditut, eta idatzi nahi ditut liburu komikoak»

- Etapa berri honetan Bernardo Atxagak utzitako trajea janzten jarraituko du Joseba Irazuk?

- Nik uste dut neronek eta beste idazle batzuek badugula kapital sinboliko bat. Sekulako ikur lana ere egin dugu askok eta askok. Nire burua gogoratzen dut unibertsitatean panfletoak itzultzen, hitzaldiak ematen musutruk han eta hemen... Alde batetik daukazu kapital sinbokiko hori, eta beste alde batetik zara partzuergoa bezala. Egoera iritsi den puntu honetan batzuetan desatsegina egiten zaidala, baina oraindik sinesten dut gauza horietan... Komunitate baten barruan zaude, eta komunitate horri erantzun egin behar diozu, zuk daukazunarekin. Erantzun nahi diozu zuk pentsatzen duzun bezala, ez duzu sartu nahi inongo korronte nagusitan, baina hori ez da beti erraza, eta askatasun horri eusteko ez dira hauek garairik onenak.

- Berriro egingo zenituzke orain arte egindako hautuak?

- Idazteari dagokionez, zalantzarik gabe. Bankuan ezin nuen segitu, eta irakasle bezala oso txarra nintzen. Ikasleek maite ninduten, baina ezin nion eutsi. Hipnotizatuta bezala joan nintzen dirdira pixka bat ikusi nuen tokira, nahiz eta ez jakin katu baten begien edo urrearen dirdira zen, edo kristal faltsu batena. Nire zaletasunak eraman ninduen bide horretara. Gainerako guztiak, segurtasunak-eta, ez dit batere axolarik izan ia. Gaur egun berdin-berdin jarraitzen dudala uste dut dirdira horren atzetik.

Más

Secciones
Servicios