Berdintasunerako Emakunde Sariaren 2019ko edizioa martxan da

Clara Campoamorren omenez Dora Salazarrek egindako eskultura, Donostian. /Luis Michelena / DV
Clara Campoamorren omenez Dora Salazarrek egindako eskultura, Donostian. / Luis Michelena / DV

Eusko Jaurlaritzako gobernu bilerak sariaren 2019ko edizioaren deialdia onartu du

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Eusko Jaurlaritzako gobernu bilerak Berdintasunerako Emakunde Sariaren 2019ko edizioaren deialdia onartu du. Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea.

Halaber, emakumeek egindako lana aintzat hartzea eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzeko egindako lanetan edo sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzeko egindako lanetan nabarmendu direnak saritzea bilatzen du Emakunde Sariak, Jaurlaritzako arduradunek azaldu dutenez.

Sariaren diru kopuru gordina 14.400 euro da eta hautagaiak aurkezteko epea datozen asteetan ireki eta irailaren erdialdean amaituko da. Saria nori esleitu ebazteko, epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan: hautagaiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko lanean egindako ibilbidea; Emakumeen lana aintzat hartzeko eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzeko, edo sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzeko egindako jardun, ekintza, lan, eta proiektuek berez duten garrantzia; jardun, ekintza, lan edo proiektu horiek edo proposatutako pertsona horren ibilbideak gizartean duten oihartzuna eta eragina.

Emakunde Sariak lau alorretan banatu ziren 2006ko ediziora arte. Ordutik sari bakarra ematen da, eta hauek izan dira sarituak: Mari Jose Urruzola, 2006an, Bagabiltza elkartea, 2007an; Bizkaiko Emakumeen Asanblada, 2008an; Lilaton taldea, 2009an; Teresa del Valle, 2010ean; Irun eta Hondarribiako alarde mistoak, 2011an; Bilboko Asistentzia Psikosozialerako Moduluak (Rekaldeberri, Deustu-San Ignacio eta Iralakoek), 2012an; La Posada de los Abrazos elkartea, 2013an; Maria de Maeztu Forum Feminista, 2014an; Hitzez emakume baserritarren elkartea eta Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea, 2015ean; EHUko irakasle eta matematikako doktore Marta Macho, 2016an; Virginia Imaz pailazoa, 2017an, eta Deustuko Indarkeria eta EHUko Berdintasun masterrak 2018an.